Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lau elementuak uztartu ditu Korostik gaur taularatuko duen dantza ikuskizunean

Dokumentuaren akzioak

Lau elementuak uztartu ditu Korostik gaur taularatuko duen dantza ikuskizunean

Gaur da Urbeltz pilotalekuan 18:30ean. 100 bat dantzari igaroko dira oholtzatik, haur eta heldu. Dantza tradizionala oinarri hartuta, ukitu garaikidea eman diete sortutako koreografiei
Egilea
Miriam Luki
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/12/29
Lotura
Goierriko Hitza

Gaurko eguna gorriz margotuta dago Legazpiko Korosti dantza taldeko kideen egutegian. Entsegu lokaletik atera, eta Urbeltz pilotalekuan jendaurrean erakutsiko dute egindako lanaren emaitza. Ehun bat haur eta gaztek lurra, ura, haizea eta sua elementuak oinarri duten koreografiak dantzatuko dituzte.

Elementu bakoitza jorratuko dute. Lurrarekin hasiko dira eta urarekin jarraituko dute bien arteko trantsizio bat egin ostean. Hala egingo dute urarekin eta haizearekin ere, tartean bals bat dantzatuko dutelarik. Airearen eta suaren artean ez dute trantsiziorik egingo eta sua akelarre baten bidez irudikatuko dute.

Dantza tradizionalaren urratsak oinarri hartuta, pauso batzuk ezberdin lotuko dituzte eta Korrontzirekin egindako lankidetzan ikasitako teknikak erabiliko dituzte. Ainhoa Korta Korostiko kideak azaldu duenez, 76 bat umek parte hartuko dute. «Haurrek dantza tradizionalak egingo dituzte. Helduok dantzan ikusi, eta koskortzean eurek ere hala egingo dutela erakutsita motibatu nahi ditugu».

Gaia zein den ikusita eta dantzaren ezaugarriak gehituta, helduen jantziak ez dira ildo tradizionalari horren lotuta egongo. «Aurtengo gaiak jantzi garaikideagoak erabiltzera behartu gaitu. Batzuk egin ditugu, beste batzuk eskatu eta beste batzuk dauzkagunetik moldatu», jarraitu du Kortak.

Musikari azpimarra

Legazpiko Musika Bandarekin lotura estua dute Korostikoek, eta aspaldian kanpora ateratzen direnean metal boskotearekin joaten dira. Gaurko ekitaldian Edurne Zabalo bandako klarinete nagusiak zuzenduko ditu musikariak; iaz ere hala egin zuen. Korta: «Musika indartu eta garrantzia eman nahi izan diogu. Lanketa bat ere badago, piezek gehiago exijitzen dutelako». Gaurkoan ohiko txistu, txirula eta silboteaz gain, metal boskotea izango da taula gainean, baita eskusoinua, trikitia, saxoa, gitarra elektrikoa, baxua eta bateria ere; gehienak Legazpiko Musika Bandako musikariak diren arren, Zumarragako Musika Bandako lagunak ere batuko zaizkie. Santikutz abesbatzako kantariak eta Goiz Deiako txistulariak bertan izango dira.

Kortak dioenez, uda aurretik hasi ziren gaurko ekitaldia prestatzen, «dantzak zehaztuta utzi nahi genituen». Ordutik buru-belarri aritu dira, «dantza zaletasun gisa hartu ohi dugu eta halako ekitaldi bat prestatzeko jendea lotzea ez da erraza. Kosta egiten da jendea konprometitzea baina lortzen da; esate baterako, musikariekin asko landu dugu ekitaldia».

1991an hasi ziren urtean behineko dantza erakustaldia egiten. 2006tik frontoian egiten dute ikusle kopuruak gora eta gora egin duelako.

Dokumentuaren akzioak