Dokumentuaren akzioak
Lasarte-Oriak dantza topaketa bat antolatu du apirilaren 27an
Bi euroren truke hiru eskoletako estilo desberdinetako lanak ikusi ahalko dira
Apirilaren 27an, larunbatean, Manuel Lekuona kultur etxean 12.00etatik aurrera, Lasarte-Oriako I. Dantza Topaketak egingo dira. Bertan Errenteriako Kukai Gazte-Formakuntza, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskola eta herriko Kukuka antzerki eta dantza eskolako taldeek euskal dantza tradizionala, euskal dantza sorkuntza eta dantza garaikideko piezak eskainiko dituzte.
Atzo Kukukako dantza irakaslea den Maider Oiartzabalek azaldu zuenez, topaketa honek apirilaren 29an ospatzen den Nazioarteko Dantza Egunarekin lotura zuzena du. Ekimen honek, era berean, beste helburu batzuk betetzen dituela argitu zuen; alde batetik talde amateurrek zirkuitu propio bat izateko aukera ematea eta bestetik etortzen diren eskoletako ikasleen arteko elkar ezagutza eta trukaketa sendotzea.
Duela zenbait urte bururatu zi-tzaien topaketa hauek antolatzea, baina orain arte ez dute salto hori eman. Hori bai, iniziatiba hau hurrengo urteetan errepikatzeko ideiarekin antolatu direla ziurtatu zuen Oiartzabalek. Dantza irakasleak jardunaldi hauek duten berezitasuna elkar ezagutza bultzatzea dela azpimarratu zuen. Harremanak errazteko, parte-hartzaileei askari bat eskainiko zaie. Egun honetan adin desberdinetako dan-tzariak egongo dira.
Atzoko aurkezpenean, Ana Remirok, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako irakasleak, ezaugarri horren garrantzia goraipatu zuen: "Topaketa hauetan parte hartzera bultzatu ninduena taldeek elkar ezagutzea eta harremanak sendotzea izan zen". Bestalde, ikasleentzako ikusleen aurrean bere lana aurkeztea aberasgarria eta hezkuntzarako beharrezkoa dela azaldu zuen.
Topaketak ordu bete iraungo du gutxi gora-behera eta sarrera bi eurotakoa izango da. "Gure asmoa ez da sarrera kobratzea, baina kultur etxeko aretoa alokatu behar izan dugu eta gastu honi aurre egiteko prezio sinboliko bat jarri dugu", adierazi zuten topaketetako arduradunek.
Apirilaren 29a Bestalde, apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Egunean, Kukukak Okendo plazan 18.00etan ekintza bat egingo duela jakitera eman zuen. Ekimenean eskolako ereserkia kantatu eta dantzatuko dutela aurreratu zuten.
Agerraldi hau herritarrei irekia dela azaldu zuten eta bertaratzen direnei eskolako kamiseta jantzita eramateko deia luzatu diete.
Kukulako eskolako ikasle eta irakasleak eta Ana Remiro, atzo aurkezpenean (A. M.)
Dokumentuaren akzioak