Lasala konpainiaren koreografia ostiralean, azaroak 12, izango da ikusgai Zarauzko Modelo Aretoan Dantzaren XVII. Zirkuituari esker. Hurrengo egunean, Donostiako Gazteszenan, Matarile Teatro konpainiak El diablo en la playa koreografia egingo du.
Judith Argomanizek zuzentzen duen dantza garaikideko konpainiaren, Lasalaren Dead obrak lau emakumeren bizitza kontatzen du, “sinesmenak eta ezarritako ereduak hausteko egiten duten borroka”. Emakume horien bizitzaren bitartez gaurko gizarteari so egiten diogu. Gizarteak askotan deshumanizatu egiten du emakumea, izan ere “zenbat zama dugu gure gain ematen dugun urrats bakoitzeko? Itxurakerietan ibiltzen gara, inondik inora sostengatu ezin den segurtasun bat lortu nahian. Oinordetzan jasotako sinesmen eta ereduek txotxongiloak bagina bezala gidatzen dute gure bizitza”.
El diablo en la playa koreografiaren nondik norakoak, honakoak: “Hasieran, kaosa zen. Gero, tentazioak etorri ziren, Celeste eta Claudiaren eskutik (C eta C) Celestek, ezagutza eta aitortza ekarri zituen; Claudiak, fantasia.(…) Deabrua bizikletan, kale hutsetan barrena, aingeru guardakoaren gisa, nor zaindurik ez daukan arren. Okerreko bidea hartzen duen ibiltaria, eta nora ezean dabilena. Claudia eta Celeste elkartzea deabruari eta aingeruari deitzearen parekoa da. Ezin da bereizi nor den zer, nor den nor, edo noiz diren trukagarriak.”