46. edizioa du aurten Arabako Dantzari Egunak, eta Kanpezun ospatuko da larunbat honetan, ekainaren 14an. Araban federatuta dauden dantza talde guztiek hartuko dute parte bertan, 250 dantzari baino gehiagok, "urteko datarik garrantzitsuenetarikoan".
Arabako Dantzarien Biltzarrak antolatuta, helmuga berean elkartzeko prestatuko dituzte beren jantziak, kriskitinak eta makilak Arabako dantzariek. Kalejira batekin hasiko dira 12:00etan, Kanpezuko kaleetan zehar, eta jarraian dantzei hasiera emango diete, 12:30ean, futbol zelaian. Parte hartzaile guztientzako bazkaria egin ondoren erromeria hasiko da 18:00etan, herriko enparantzan.
Kanpezun egongo dira larunbatean Adurtza dantza taldea, Oketa Alai, Haize Dulantzi, Orbela Alai, Arantzabela, Eguzkilore, Jare eta Txingoka dantza taldea. Federatuta egon ez arren, Kanpezuko Ioar dantza taldeko kideek ere parte hartuko dute jaialdian.