Dokumentuaren akzioak
Larunbatean itzuliko da Añorgako Dibertimendua
Heltzear dira inauteriak, eta Añorgan iaz abiatutako egitasmoari jarraipena emango diote, Dibertimendua antolatuz. Larunbatean izango da (hilak 18), eta berritasun batzuk izango ditu, auzoko joaldun gazteak lehenengoz aterako baitira, eta goizuetarren bisita ere izango baitute.
10:00etan hasiko dira, Añorga Txikiko Atotxa Erreka Elkartearen parean, eta handik abiatuko dira jokalariak, kalejiran. Añorga Txikiko goialdean emanalditxo bat eskainiko dute, eta Karmengo Amara abiatuko dira, musikaz girotuta. Karmengo Aman bigarren geldialdia egingo dute, eta Pedro Josen hirugarrena. Harrobiaren plazan bukatuko dute, emanaldi luzeago batekin. 100 lagun inguruk hartuko dute parte Dibertimenduan, eta Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak (AKKE) azaldu duenez, “emanaldia ikustera datorrena ere ez da ikusle soila izango, jokalariek etengabe zirikatuko baitituzte begira daudenak. Eta, ibilbidean zehar elkarrekin kantatzeko aukera ere izango da”.
AKKE-ren mendeurrenaren harira
Dibertimendua AKKE-ren mendeurrenaren harira sortu zuten, helburu argi batekin: “Sorkuntza ardatz harturik, Añorgakoek geure buruari barre egiteko eta elkarrekin gozatzeko kode bat garatzea. Horretarako, euskal kulturan pisu handia duten eta, modu bereizian lantzen badira ere, elkarri lotuta dauden lau diziplina elkartzea zen asmoa: dantza, antzerkia, bertsoa eta musika. Lau diziplina horietan aritzen diren auzotar asko dauzka Añorgak, gainera”. Horrela, 2022an, oso arrakastatsua izan zen Dibertimendua, eta aurten gutxienez iaz bezain arrakastatsua izatea espero dute.
Dokumentuaren akzioak