Dokumentuaren akzioak
Larunbatean hasiko da Zumaiako Maiatza Dantzan
Jaiotz Osa dantzari zumaiarrak dantza garaikideko masterclass bat eskainiko du Torreberrin.
Maiatza dantzaren hilabetea da nazioarte mailan, eta aurten ere dantzak bere presentzia izango du Zumaian. Astindu dantza taldeak Maiatza Dantzanen barruan ekitaldi sorta antolatu du. Hil honetan, larunbatero izango dira dantzarekin lotutako ekintzak herriko kokaleku desberdinetan.
Hasteko, larunbat honetan, Astindu taldearen eguna ospatuko dute. 11:00etatik 14:00etara bitartean, Jaiotz Osa dantzari zumaiarrak emandako dantza garaikideko masterclass bat izango da Torreberrin. Astinduko bazkideentzat doan izango da saioa, eta bazkide ez direnek 15 euro ordaindu beharko dute. Izena eman nahi dutenek bihar arte dute aukera horretarako, Alondegian. Ikastaroaren ondoren bazkaria izango dute; bazkideentzat doan eta gainontzekoek 15 euro ordainduko dituzte. Bestetik, eguna bukatzeko errefuxiatuen aldeko kantaldian hartuko dute parte dantza taldekoek.
Datozen hiru larunbatetan herritarrei zuzendutako ekitaldiak egingo dituzte. Maiatzaren 14an dantzari txikien eguna izango da, eta hilaren 21ean helduena, biak ere Beheko Plazan; 28an, berriz, Donostiatik eta Bilbotik etorritako kontakt dantza estiloko dantzariek jam sesioa egingo dute arranplan.
Dokumentuaren akzioak