Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Larunbatean 6. Alurr Eguna iritsiko da Ibarrara

Dokumentuaren akzioak

Larunbatean 6. Alurr Eguna iritsiko da Ibarrara

Alurr Dantza Taldeak datorren larunbatean, ekainak 8, Ibarran 6. Alurr Eguna antolatuko du. Ohi bezala, Alurr Dantza Taldeko kide, laguntzaile eta jarraitzaile guztiei eskaintzen diete egun hori, eta, aurten, Ibarrako herri guztiari eta inguruetako herritarrei ere bai. Gure ohiturak eta tradizioak sustatzea eta bultzatzea, ezagutaraztea, eta horretaz guztiaz gozatzea da asmoa.
Egilea
Ainhoa Calleja
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Ibarra
Mota
Albistea
Data
2013/06/06
Lotura
Diario Vasco

Iaz Alurr Dantza taldeko batzordeak Dantzari Txiki Egunak 2 urtetik behin antolatzea erabaki zuen, hainbat arrazoi direla kausa. Alurreko eskolak eta talde guztiek urte osoan egiten duten lana haiei erakustea eta eskaintzea da asmoa, eta, era berean, egun eder bat dantza egiten pasatzeko aukera ematea urte osoan Alurreko ikastaroetan ikasi dutena jendaurrean erakutsiz.

Ekainaren 8ko Alurr Eguna indartsua izango da. Goizeko 10:30ean Idoiaga plazan elkartuko dira denak, eta herriko plazaraino kalejiran joango dira, herria alaituz, eta hamaiketakoa herriko plazan bertan egingo dute. 12:00etan, plazan, Alurr Dantza Eskolako haurrek Euskal Herri osoko dantzen erakustaldia egingo dute: Otsagi, Banako Zaharra, Agurra, Kaxkarrots, Peio Joxepe, Makil Txiki, Jorrai dantza, Imotzeko esku dantza, Xuberoko makil jokoa, Paloteados de Villabuena... 4 urtetik 12 urtera arteko haurrek parte hartuko dute, hau da, HH2 mailatik DBH1 mailara artekoek, eta bazkaldu aurretik erromeria bat egingo dute plazan. Arratsaldeko 18:00etan, berriz ere bilduko dira, eta Alurr Dantza Eskolako gazteek, 12 urtetik gorakoek, emanaldi bat egingo dute (aulkiak ipiniko dira emanaldia ikusteko, plazan baldin bada ere). Hainbat ikuskizunetako dantzak eta koreografiak eskainiko dituzte, baita Alurr taldearen azkeneko ikuskizunetakoak ere. Hori guztia, jantziak zainduta, eta hainbat musikaz alaituta.

Ondoren afaria denentzat izango da plazan, 'Ai Ene' taldeak alaituta, 20:00etatik gauerdira arte gutxi gorabehera. Herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen dituzte, eta goizetik jantzi tradizionalak jantzita parte hartzera animatzen dituzte. Erromeria egun bat izango da, Euskal Herriaren egun bat. Eguraldi txarra egiten badu kiroldegian egingo da dena. Gaueko erromeria berriz Plazan izango da, 'Ai Ene' taldearen eskutik.

Gazte festak

Halaber, ekainaren 15ean, Ibarrako Gazte Festetan parte hartuko dute. Eta zerbait desberdina eta berria eskainiko dute berriz ere. Aurten, Zaldibiako, Altzoko eta Anoetako dantzari gazteek parte hartuko dute, Ibarrako Errota taldeko dan-tzariekin batera. Ekitaldia Ibarrako plazan arratsaldeko 17:00etan izango da, eguraldiak laguntzen badu.

Dokumentuaren akzioak