Dokumentuaren akzioak
Lapwai-n (Idaho) Nez Perce leinuko kideekin dantzatu ostean, prest Kriskitineko durangarrak Boiseko Jaialdirako
Lapwai, Idaho, AEB. Elkarrekin dantzatu zuten dantzari natibo amerikar eta euskaldunek joan den astean, bakoitzak bere kulturaren erakusleihoa eskainiz, baina baita ere bateginik, talde durangarrak eta dantzari amerikarrek bata bestearen dantzak dantzatuz aritu baitziren, bestearena ikasi nahiz, gogo eta giro ezinhobez, beti ere garatu eta sendotu duten harreman ildoari jarraiki.
Izan ere, egunak daramatza Estatu Batuetan Kriskitin dantza talde durangarrak --joan den 17an abiatu ziren Euskal Herritik--, lehenik Idahoko Nez Perce tribuko kideekin arituz eta euskal dantzak beste eremu honetara ekarriz, ondoren, datozen egunotan, Boisek bizituko duen Jaialdi (sic) izeneko euskal festa erraldoian euren dantzen kolore eta bizitasuna helarazteko programak ekarririk. Azken hau, Galdakaoko 'Andra Mari' dantza taldearen lana osatuz egingo dute, hura baita Jaialdira dantza talde nagusitzat gonbidatutako Euskal Herriko dantza taldea.
Dantza talde durangarrak emanaldi ikusgarria eskaini zuen joan den asteazkenean Lapwai herriko Udal Parkean, Idahoko Nez Perce tribuko kideekin, bi kulturotako dantzariek iragan astean zehar izan duten elkar ezagutze eta esperientzia trukatze saioen barruan.
Dokumentuaren akzioak