Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Laminosine, ondaretik sorkuntzara: euskal mitologian oinarrituriko ikusgarria

Dokumentuaren akzioak

Laminosine, ondaretik sorkuntzara: euskal mitologian oinarrituriko ikusgarria

Banuztar Xoriak dantza taldeak, euskal mitologian oinarriturik, euskal dantza, dantza garaikideak eta ipuinak uztartzea du xede. Ikusgarria uztailaren 9an izanen da, Donaixti-Ibarreko aterpean.
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Donaixti-Ibarra
Mota
Albistea
Data
2022/07/02
Lotura
Kazeta

Ikusgarria 12 eta 15 urte bitarteko gazteak inplikatzeko parada izan da.

Ikusgarria 12 eta 15 urte bitarteko gazteak inplikatzeko parada izan da. (Banuztar Xoriak)

Urte osoan zehar euskal dantza irakasleak, hainbat arlotako profesionalak eta taldeko hamabi eta hamabost urte bitarteko gazteak lanean aritu ondotik, Laminosine Donaixti-Ibarreko aterpean taularatua izateko prest da. Ekitaldia uztailaren 9ko gaueko 21:00etan hasiko da, lehenagotik ostatua ireki eta taloak eskainirik, 19:00etatik goiti, hain zuzen ere.

Taldekideek dantza tradizionala gaurkotzeko apustua egin dute, taldeko gazteenak bereziki inplikatzeko asmoarekin. Ondorioz, ikuskizun honen bidez euskal dantzen eta dantza garaikidearen arteko oreka bilatu dute, euskal mitologia ardatz. Horrela, pertsonai eta kontakizun mitologikoak ekarriko dituzte taula gainera. 

Euskal kultur erakundearen eta Euskal Hirigune Elkargoaren diru-laguntzei esker, gazte hauek arloko zenbait profesionalen gidaritzapean aritzeko paradaz gozatu ahal izan dute. Hauen artean dira Fanny Marmayou (Batcharte Dantza elkartearen zuzendaria), Joana eta Jenofa Erdozaintzi-Etxart (euskal dantza irakasleak), Jokin Irungaray (ipuin kontalaria) eta Claude Labat (historialaria). 

Dantza eta kontakizun hauek zehazki ikuskizun honetarako sorturiko kantuen doinupean taularatuko dira. Xabi Leon da konpositorea, eta bost musikarik interpretatuko dituzte bere sorkuntzak: Julie Maryk (trikitixa et alboka), Pauline Lafittek (xirula), Jon Ervityk (perkusioak) eta Xabi Leonek (pianoa).

Kasik mende erdiko transmisioaren arnas berria

Uhart familiak 1973.urtean sorturiko Banuztar Xoriak taldeak dantzaren tradizioa betiekotzeko funtsa du Oztibarren. 5 eta 15 urte bitarteko hirurogei bat gazte dira gaur taldearen parte, eta ikasle ohiek ematen dituzte usaian kurtsoak, haiek jaso zuten oinordekotza mantendu dadin.

Alta, azken urteotan beste elkarte askori gertatu zaien gisan, pandemiari loturik, kurtsoen mozketa eta emanaldiak egiteko ezintasuna direla-eta, motibazio eskasia bati aurre egin behar izan diote. Gauzak horrela, gazte eta helduen arteko kohesioaren bidez sorturiko Laminosine ikusgarria ilusioa berpiztera dator, taldearen bulegoko kide den Jenofa Bachoren erranetan: «Taldea berrabiarazteko asmoz, proiektu berezi hau proposatu genien dantzari gaztetxoei. Hauek, lotsatiago hasieran, goitik behera inplikatu dira. Esperientzia hau nerabezaroko une garrantzitsu gisa gogoratuko dute, egindako lanak balore ainitz garatu eta aplikatzea ahalbidetu baitie». Orain, Oztibarreko belaunaldi ezberdinetako dantzarien elkarlanaren fruitua jendaurrean taularatzea baino ez zaie gelditzen.

Sartzeak eskuragarri

Taulan bezala publikoan adin guztietako jendea izan dadin, hamabi urtetik beherakoentzat, sartzea zortzi eurotan izanen da, eta hortik gorakoentzat, berriz, hamar eurotan. Era berean, bertaratzea errazteko, taldeak Donaixti eta Ibarre lotzen dituzten autobusak kitorik ezarriko ditu.

Informazio gehiago eta sartzeak eskuratzeko, bunuztar.xoriak@gmail.com helbidera idatzi edo 07 72 25 05 87 zenbakira dei daiteke.

Dokumentuaren akzioak