Dokumentuaren akzioak
'Laminosine' ikusgarriak euskal mitologia argitan ezarriko du Donapaleun
Oztibarreko Banuztar Xoriak dantza taldearen ikusgarriak hitzordu berri bat du: abenduak 10, arratseko 20.30ean, Donapaleuko zinema gelan.
Euskal mitologia ardatz, laminak eta basajaunak euskal dantza tradizionalen zein dantza garaikideen doinupean biziaraziko dituzte. «Dantzari gazteek bakoitzak gure baitan ditugun alde ilun eta argitsuak taularatzen dituzte. Elkarrekin dantzan, gure arbasoen ipuinak iruten segitzen dute» azaldu dute antolatzaileek.
Gisa honetan, musika eta dantza artean ipuinak eta antzerkiak gorpuzten dituzte Banuztar Xoriak dantza taldeko 13 nerabeek. Lan-talde anitza bada gaztetxoen hitz eta mugimenduen gibelean: Joana eta Jenofa Erdozaintzi Etxart dituzte dantza irakasle, Jokin Irungaray kondalari eta Fanny Marmayou koreografo.
Honetaz gain, ikuskizunak bost musikariren lana biltzen du, aire tradizionaletatik abiatuz kantu berriak sortu baitituzte. Kantuok emanaldirako sortu dituzte espres eta zuzenean jotzen dituzte taula gainean.
Urte oso batez lanean izan ondotik, aurtengo uztaila hastapenean estreinatu zuten ikuskgarria Donaixti-Ibarreko aterpean. Oraingoan, Oztibarreko taldearen lana Euskal Herriko beste txoko batzuetara hedatzeko asmoz, 'Laminosine' berriz ere biziaraziko dute Donapaleun. Ordu bat eta erdiko iraupena izanen duen ikusgarrirako sartzeak hamar eurotan dira eta 06 37 46 72 54 telefonoa eskura ezarri dituzte, aitzinetik erreserbatzeko.
Dokumentuaren akzioak