Dokumentuaren akzioak
Lamiako Maskaradaren dokumentala ikusbide bihar
Leioako Lamiako auzoko kaleetan barrena ibiliko dira Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonaia mitologiko, maiatzaren 25ean, barikuan; izan ere, 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten dute urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteko kideek. Aurtengo edizioa berezia izango da: 40 urte beteko ditu ekitaldiak; San Maximo jaien barruan egin ohi dute. Daborduko entseguak egiten eta prestaketa lanetan dabiltza, baina Arene Albizu eta Arkaitz Correa Lamiako Maskarada elkarteko kideek adierazi dutenez, aurretik ere jarduerak egongo dira.
Besteak beste Maskaradaren historia azaltzen duen dokumentala prestatu dute: Kultur Leioako entzungelan aurkeztuko dute, zapatu honetan, apirilaren 28an. Hitzordua 19:30ean ipini dute; daborduko Kultur Leioako leihatilan eskura daitezke gonbidapenak. Albizuk eta Correak zehaztu dutenez, "maskarada zelan sortu zen eta zeintzuk sortu zuten azaltzen zuen ikus-entzunezko lana bageneukan aurretik". Pilar Fernández Lagunak zuzendutako "Lamiakoko Maskarada" goiburuko dokumental hura 2015ean plazaratu zuten. Hala ere, oraingo honetan, "modu batean edo bestean, Maskaradan parte hartu duten hainbat lamiakoztar agertzen dira filmean. Ez dira bakarrik pertsonaiak agertzen; auzoko jendeak berba egiten du", aipatu dute ekitaldiko antolatzaileek. Dokumentalak Maskaradaren lau hamarkadak batzen ditu, hainbat sasoitan parte hartu duten pertsonei elkarrizketa eginez. Estreinaldia hilaren 28an egingo badute ere, gerora sare sozialen bitartez zabalduko dute. Bestalde, maiatzaren 12an Euskal Jaiaren bosgarren edizioa egingo dute.
Auzotarren parte-hartzea
Aurten ere maiatzaren 25eko ekitaldia aurrera ateratzeko laguntza eskatu dute Maskaradako antolatzaileek: urtero legez, Lamiakoko eta Txopoetako balkoiak izara zuriakaz eta zapi koloretsuakaz apaintzera deitu dituzte auzotarrak. Horrez gainera, Maskaradaz jantzita agertzera ere gonbidatu dituzte: "Mutilak loredun brusakaz joaten dira; neskek, berriz, kolore bizidun gona loredunak erabiltzen dituzte. Zapia ere loreduna da", Albizuk eta Correak esan dutenez. Euren berbetan, Lamiakoko jendeak oso barneratuta daukan sentimendu bat da: "Ezin da azaldu. Egun horretan, daukagun guztia alde batera uzten dugu, Maskaradan parte hartzeko. Ekitaldiak lamiakoztarren nortasuna adierazten du".
Historia
Maskarada 1978an sortu zen. Auzokideek gustura hartu zuten talde-lanean eta parte-hartzean oinarritutako proiektua eta taldeka hasi ziren maskarak zein erraldoiak egiten, jantziak prestatzen, propaganda egiten... Oztopo denak gaindituta, 1979an helburua lortu zuten: Lamiakoko Maskarada jaio zen. Hiru urtez, proiektuan lan egiten jarraitu zuten, urtez urte aurrerapenak eginez. Baina 1981ean arazoak egon ziren taldean eta egitasmoa bertan behera utzi zuten. Maskarada ez zen urte bitan kaleratu, baina 1984an gazte-talde batek ardura hartu zuen. Hala ere, berriro baztertu zuten proiektua beste hiru urtez. 1988an Maskarada ospatzeari ekin zioten berriro lamiakoztarrek, ordutik aurrera eten barik.
Dokumentuaren akzioak