Dokumentuaren akzioak
Lagunarteko ikuskizun batekin ospatuko du 15. urteurrena Kukaik
Dantza tradizionala eta garaikidea bide berean jarri zituen lehenengoz 2002an Kukai dantza taldeak. Konpainia afizionatu gisa hasi ziren orduan, baina gaur egun Euskal Herrian eta nazioartean ibilbide oparoa egin duen talde profesionala da. Jon Maya koreografo eta dantzariak aitortu du «etengabe ikasten» aritu diren ibilbidea egin dutela denbora horretan guztian.
Hori ospatzeko, ˜Kukai eta Lagunak» emanaldia eskainiko dute martxoaren 11n Donostian (Kursaal, 20.00) eta handik Bilbora (martxoak 18), Biarritzera (martxoak 26) eta Gasteizera (apirilak 6) abiatuko dira.
Iñaki Salvador, Zigor DZ, Oreka TX, Iñaki Telleria eta Andoitz Antzizarrek osatutako musika talde finkoa lagun izango dute. Baina oholtzara kolaboratzaile gehiago igoko da ikuskizun bakoitzean. Donostian Kalakan, Piter Ansorena, Itziar Etxegia eta Ereintza, Goizaldi eta Eskola Dantza Taldeko kideekin arituko dira. Zerrenda horretara gehituko dira beste hiriburuetan Mikel Urdangarin, Erramun Martikorena, Joan Mari Beltran edo Aiko taldea.
«Lagunarteko festa handi bat izatea nahi dugu», aipatu du Mayak ikuskizunaren aurkezpenean.
Dantzaren bitartez, azken 15 urteetako ibilbidearen bilduma moduko bat eskainiko dute, orain arte kolaboratzaile izan dituzte hainbat koreograforekin osatutako dantzak ere gehituz.
Dokumentuaren akzioak