Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lagunartea dantza taldeak gidari berriak behar ditu

Dokumentuaren akzioak

Lagunartea dantza taldeak gidari berriak behar ditu

Lagunartea dantza taldeak gidari berriak behar ditu. Egun irakasle lanetan dabiltzan Ainara Inuntziagak eta Adela Elexaldek uztea erabaki dute: "Nekatu egin gara. Ez dugu hasierako ilusio eta pazientzia bera. Egin behar genuena egin dugu", dio Inuntziagak. Azken 15 urteotan aritu da lanean Inuntziaga; Elexalde, berriz, azken zazpi urteotan. Lanak eta bestelako betebeharrek ere eragin zuzena dute: "Adelak Aste Santu aurretik esan zidan lan askorekin zebilela eta ez zela heltzen; nik argi daukat bakarrik ezin dudala jarraitu".
Egilea
Kokin Bereziartua
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Aramaio
Mota
Albistea
Data
2013/05/31
Lotura
Goiena

Ikasleek penaz hartu dute albistea: "Bilera bat egin genuen talde guztiekin, gazteenetik hasi eta helduenera arte. Uztea erabaki genuela esan genien eta negar malkoak ere egon ziren".

Erreleboa, "zaila"

Erreleboa hartuko duten hautagaiak aurkeztea "zaila" ikusten du Inuntziagak: "Ordena edonork jar dezake baina dantzak erakusteko dantza egiten jakitea ezinbestekoa da. Erakusteko gai diren gazteetako batzuk ikasten eta lanean dabiltza eta beste batzuk unibertsitatean sartuko dira datorren urtean. Zaila dago". Udalarekin berba egitekotan daude, Lagunartea dantza taldearen etorkizuna bermatzeko.

Zazpi taldek osatzen dute Lagunartea familia. 3 edo 4 urte dituzten haurretatik hasi eta gazte, heldu zein erretiratuetara arte; azken horiekin plazan dantzatzeko saioak antolatzen dituzte. Gainerako herrietako dantza taldeetan ere ematen den fenomeno baten gainean ere egin digu berba Inuntziagak. Hau da, adin batera helduta dantza egiteari uzten dioten hainbat mutil daudela. Hala ere, Aramaio herri dantzaria denik ezin da ukatu; oraindik ere dantzarako ohitura handia dago.

Entseguak eskolako gimnasioan egiten dituzte egun baina gimnasiora heldu arte beste zenbait leku ere ezagutu dituzte: "Orain arte izan ditugun lekuak ikusita ondo dago. Ni dantzan hasi nintzenean, dantzari moduan, Santa Ana ermitan elkartzen ginen eta handik Sastiñara pasa ginen. Hainbat urte egin nituen Sastiñan, dantzari zein irakasle moduan.  Osoko bilkuren aretoan eta kultur etxeko agertokian ere probatu genuen baina zarata handia ateratzen genuen, entseguak han egitea ezinezkoa zen".

60. urteurrena laster

Ziklo aldaketa beharrezkoa dela uste du egungo irakasleak, uzteak "pena handia" ematen dion arren. Gainera, hiru urte barru 60 urte beteko ditu taldeak eta horren ibilbide luzea izan duen kultur talde bat desagertzeak "amorrua" emango zion Inuntziagari: "Gure aurretik lanean aritu direnez aparte, dantzariak ere badaude. Urte asko dira, oroitzapen ederrak ditugu, eta hori guztia egun batetik bestera bertan behera uzteak pena handia emango zidan".

Erreleboa hartuko dituztenei laguntzeko gertu daude eta ardurak jende gehiagoren artean banatzea ikusten dute aukera moduan. Amaitzeko, urte hauetan guztietan taldeko parte izan direnei eskerrik beroenak eman gura izan dizkie Inuntziagak.

Lagunartea dantza taldearen saioa Bizente Goikoetxea plazan. (Argazkia: Aramaioko Udala)

Dokumentuaren akzioak