Dokumentuaren akzioak
Laboaren 'Txoria txori' dantza bihurtu dute Iker Murillo eta Vitali Sanfronkine dantzariek
Iker Murillo eta bere senar Vitali Safronkinek dantza bihurtu dute Mikel Laboaren Txoria txori abestia. Inge Mendiorozen zuzendaritzapean, Jorge Oteizaren estetikari erreferentzia egiten dion bideoan jaso da dantza pieza, eta Nagore Legarreta argazkilariak grabaketa prozesuan zehar ateratako argazki ikusgarriekin batera dago ikusgai dago atzotik EHUko Donostiako Carlos Santamaría Zentroaren Txillardegi aretoan, Txoria txori izenpean antolatutako erakusketan.
EHUko Mikel Laboa Katedrak sustatu du ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Akelarre hotel eta jatetxearekin eta Begirada enpresarekin elkarlanean. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia atzo izan zen Txillardegi aretoan bertan.
"Konfinamendu garaian egunkari baterako elkarrizketa egin zidaten, eta bertan aipatu nuen Vitalik abesti honekin niretzako koreografia bat sortzea zela nire ametsa. Mikel Laboa Katedrakoek elkarrizketa hura irakurri, eta proiektua garatzeko deitu zidaten", azaldu zuen Murillok.
Dantzari pasaitarra herriko Alkartasuna taldean hasi zen euskal dan-tza tradizionalak ikasten eta gerora, Errenteriako Ereintza taldean aritu zen, hamaika urterekin aurresku txapela jantzi arte. Balleta ikasten hasi zen ondoren, eta Alemaniako John Cranko eskolan amaitu zituen eskolak. Garapen profesional garrantzi-tsuena Zuricheko Balletean bizi izan zuen, bertako lehen dantzari izatera iritsi zelarik. Baseleko Balletean aritu izanaz gain, Lausanneko Béjart Balletean ere nabarmendu zen.
Bere ibilbide profesionalean hainbat aitortza ere jaso izan ditu. Besteak beste, 2008an Gipuzkoako talentu berriei emandako saria, edota Balletanz aldizkariak urteko etorkizun handiko dantzari gazteari eskainitakoa. Gaur egun, Murillo irakasle lanetan dabil Pasaian zuzentzen duen Studio 24 izeneko dantza eskolan.
Senarraren bizi-esperientzia hori guztia islatzen duen koreografia sortu du Safronkinek, beste dantzari askok bezalaxe, profesionalki bere lurraldetik urrun hezi beharra izan baitzuen.
Dantzari eta koreografo errusiarrak Rudol Nureyev Ballet Eskolan jaso zituen bere lehenengo dantza eskolak. Ondoren, Zurichen, Swiss Professional Ballet School-en amaitu zuen bere formazioa. Laster eman zituen lehen urrats profesionalak Zuricheko Balletean bertan, dantzari nagusi mailara iritsi arte.
Jarraian, Baseleko Balletean jardun zuen eta aurrerago Lausanneko Béjart Balletean nabarmendu zen. Koreografo gisa, bere lehen piezak 2007an sortu zituen. Oso berea duen estiloa garatu zuen, esperientzia pertsonala eta arte abstraktua uztartuz; formazio klasikoa eta ildo esperimentalagoak bat eginez. Europako hainbat konpainia eta eskoletan dantzatu dira haren piezak dagoeenko. 2013an, Dance Europe aldizkari ingeles ospetsuak honako hau idatzi zuen Safronkineri buruz: "ikusi beharrekoa da, bai dan-tzari gisa eta baita koreografo moduan ere".
Bideoko irudiak Akelarre hotelean grabatu dituzte. "Proiektu honetarako deitu zidatenean grabatzeko toki bila hasi eta Akelarre hotela aukeratu nuen. Hasieran batean, filmatzeko baimena eskuratzea oso zaila irudi-tzen zitzaigun, baina saiatu eta zorioneko izan ginen", adierazi zuen Mendiorozek. "Lehen begiratuan terrazak iruditu zitzaizkidan oso deigarriak. Zerua eta itsasoa ikusten ziren, baina egia esan, barrualdea ikusi nuenean, eskailerek eta inguruko gauzek Oteizaren ukitua zutela iruditu zitzaidan, eta guk horixe irudikatu nahi genuen", aipatu zuen proiektuaren zuzendariak.
Lan eder horren emaitza gozatu nahi dutenek urriaren 14ra bitartean izango dute horretarako aukera.
'txoria txori'
Hegoak ebaki banizkio
Nerea izango zen,
Ez zuen aldegingo.
Hegoak ebaki banizkio
Nerea izango zen,
Ez zuen aldegingo.
Bainan, honela
Ez zen gehiago txoria izango
Bainan, honela
Ez zen gehiago txoria izango
Eta nik...
Txoria nuen maite.
Eta nik...
Txoria nuen maite.
Dokumentuaren akzioak