Dokumentuaren akzioak
La Fundicion aretoak dantza izango du protagonista apirilean zehar
Apirilaren 12 eta 13an, bestalde, Bartzelonatik etorritako Societat Doctor Alonso taldea arituko da «Volumén II» dantza eskaintzen. Agertokia era ezberdinean betetzea izan ohi da Tomas Aragay eta Sofia Asencio-ren helburua eta oraingo honetan ere aurkeztuko duten ikuskizunean xede hau lortzen saiatuko dira.
Madrildik etorriko den Atribili taldeak antzerki-ikuskizun bat egingo du: «Boxeo para Células y Planetas», hain zuzen ere. Tristuraren jatorria heriotzarenganako beldurrean kokatu dute Atribilikoek. Angelica Lidell eta Gumersindo Puche arituko dira eszenatokian ideia original hau aurkezten. Ikusleentzako nota berezi bat igorri dute taldekoek: La Fundicion aretora radiografiak, sendagaiak eta analisiak eraman behar dituztela.
Apirilaren azkeneko asteburuan, hilaren 26 eta 27an, Londrestik etorriko den Colin Poole-ren ikuskizun bikoitza ekarriko dute. «Joyride», Pooleren azkeneko sorkuntza, eszenatokiko presentzia arriskutsua, ahotsa eta mugimendua nahasi dituen lana, hain zuzen ere, eta «The box office», bigarren lanean, ghetto bihurtzeko prozesuaz arituko da Poole bere dantzekin. Esan beharra dago, azkenik, ikuskizun guztiak asteazken eta ostegun gauetan egingo direla, 20.30ean zehazki, eta sarrerak 10 euroko salneurri orokorrean lor daitezkeela aretoan bertan.
Dokumentuaren akzioak