Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kulturguneko programazioari jarraipena emateko arte eszenikoen 10 emanaldi, kalean

Dokumentuaren akzioak

Kulturguneko programazioari jarraipena emateko arte eszenikoen 10 emanaldi, kalean

Datorren astetik uztaila amaitu arteko San Agustin kulturguneko programazioak kalean izango du jarraipena. Durangoko hainbat kale eta plazatan atonduko dituzte askotariko arte eszenikoen emanaldiak egiteko espazioak.

Jon Kepa Garro Astarloa Kulturgintza erakunde publikoaren presidenteak eta Arantza Arrazola kulturguneko arduradunak aurkeztu zuten, atzo, 2014ko Uda Kalean Bizi programazioa. Hamar ikuskizuneko egitaraua osatu dute. Arrazolak azpimarratu duenez, "emanaldiak kalean izateak ohikoaz aparteko ikuskizunak eskaintzeko aukera ematen du, eta hori aprobetxatu nahi izan dugu programazioa lotzerakoan". Jon Kepa Garro zinegotziaren berbetan, "udako eguraldia lagun, kulturgunearen eskaintza kalera ateratzea da egitarau honen asmoa", eta azpimarratu duenez, "edozelan ere, eguraldiak laguntzen ez badu, toki alternatiboetara lekualdatuko ditugu emanaldiak: Andra Mariko elizpera edo San Agustinera".
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2014/06/18
Lotura
Anboto

Tartean Aritza Rodriguez zaldibartarra dagoen Malas Compañias taldearen Txatarra zirku ikuskizunak abiaraziko ditu Uda Kalean Bizi jaialdiko emanaldiak. Ekainaren 27an, 20:00etan, musika eskolako parkean izango da lehenengo emanaldi hori.

Musika eskolakoaz gainera, beste sei kokaleku ere hautatu dituzte uda sasoiko kultur emanaldien kokaleku izateko. Horietariko bi, Castejón eta Ibaizabal parkeak, lehenengoz probatuko dituzte. Castejón parkean, uztailaren 12ean, Rouge Elea konpainiak Calao ikuskizuna eskainiko du: bertako zuhaitz batetik dantza eta zirkua nahasten dituen ikuskizuna eskainiko dute, 20:00etan. Hitzordu horretara bertaratzen diren ikusleak jarraian udaletxeko plazan izango den emanaldira joatera gonbidatuko dituzte. Ortzi Acostaren Ilusión zirku ikuskizuna izango baita 20:45ean, goizagai. Ibaizabal parkean, bestalde, bertako musikariak izango dira protagonista: soka eta perkusio kontzertua eskainiko dute, Quinteto Yacambú izeneko taldean batuta, musika eskolako hainbat irakaslek. Uztailaren 12an, 20:00etan izango da Ibaizabal parkeko hitzordua.

Mediterraneoko musika egiten duen Banda La Colonia taldearen musika (uztailaren 4an), Pez Limbo gasteiztarren keinu antzerkia (uztailaren 5ean), Maite Arreseren eta Mau Ziemkiewick-en Amodiozko ipuinak (uztailaren 17an), Che y Moche konpainiaren El funeral arrakastatsua (uztailaren 19an), Kukai dantza taldearen Gelajauziak ikuskizun berria, eta Kriskitin taldeak antolatzen dituen Durangon Folk dantza saioa ere jasotzen ditu, ekain eta uztaileko iluntze eta gauetarako Kalean Bizi jaialdiak.

Amaitzeko, Zornotzako Markeliñe taldeak irailean Tarregako antzerki ferian aurkeztuko duen Andante ikuskizunaren entsegu batean parte hartzeko aukera luzatuko diote San Agustin kulturgunearen udako programazioaren barruan. Ikuslegoak obra zelan hartzen duen probatuko du konpainia zornotzarrak emanaldi horretan. Zumalakarregi kalean izango da emanaldi hori, uztailaren 27an, 20:00etan.

Dokumentuaren akzioak