Dokumentuaren akzioak
Kultura Igandean Zumarragan kalejira bat grabatzeko deialdia egin die trikiti zaleei Gorka Hermosak
Abuztuan erromeria bat irudikatu zuten San Kristobalen, dokumentalerako. Otamotz
Gorka Hermosa akordeoilariak deialdia egin die inguruko trikitilari, dantzari eta trikiti zaleei, igandean Zumarragan egingo duten grabazio batean parte hartzeko. Hitzordua 12:00etan izango da, Soraluze kalean.
Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko Hauspoa & tunela dokumentala ari da grabatzen Hermosa, herriko udalaren laguntzarekin. Dokumentalaren zuzendaria Goya sarietara izendatu zuten Iñaki Pinedo da. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinuak ere parte hartu dute. Abuztuaren amaieran erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen dokumentalerako. Orain, kalejira bat grabatuko dute, eta horrekin amaituko da dokumentala.
Igandeko kalejira
Kalejiraren grabaketara ahalik eta trikitilari, dantzari eta ikusle gehien azaltzea nahi dute, trikitiak eta trikiti zaletasunak bizirik jarraitzen dutela irudikatzeko. Trikitilariak 11:30ean elkartuko dira, Arratibel optikaren ondoan. Dantzariak eta ikusleak 11:45ean elkartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazan. Trikitilariek Maria Jesus eta Beti eskamak kentzen piezak joko dituzte. Kalejira plazan amaituko dute.
Nahi bezala jantzita joan daiteke, baita «euskal trajearekin, politago».
Dokumentuaren akzioak