Dokumentuaren akzioak
Kultura Dantza Hiru legazpiar Euskal Herriko aurresku txapelketako sari nagusiaren bila
Naroa Sanchez, Irati Olaizola eta Amaia Azpeitia dantzariak.Jon Dorronsoro
Sustraiak dantza taldeko Amaia Azpeitiak, Irati Olaizolak eta Naroa Sanchezek hitzordua dute larunbat honetan, hilak 23, Hondarribiko Itsas Etxean jokatuko den Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusiarekin. Laugarren edizioa da, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu du Hondarribiko Udalaren laguntzaz. Saioa 11:30ean hasiko da.
Legazpiarrekin batera, 15 urtetik gorako beste bost dantzarik parte hartuko dute: Villabonako Izadi Urbanok, Lezoko Mikel Esnaolak eta Ihintza Erauskinek eta Oiartzungo Mattin Etxebestek eta Manex Elgetak. Epaile lanetan, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatutako Jose Luis Vallejo, Maria Ferreiro eta Xabier Mendizabal adituak arituko dira.
Betronio handia, Ehun dukat eta Graziana soinu zaharren artean bat aukeratu beharko dute dantzatzeko dantzariek, eta aukeratutakoarekin batera, Aurkez aurke edo desafioa ere egin beharko dute, Gipuzkoako edozein, eta Zortzikoa. Janzkerari dagokionez, lehen txandan ohiko jantzia erabili beharko dute, eta bigarrenean, janzkera librea izango da.
Irabazleak Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarren trofeoa, txapela eta 400 euro jasoko ditu, eta bere udalerriak Tomas Murua sari nagusia udaletxean urte betez gordetzeko aukera izango du. Bigarrenak 300 euro eta trofeoa izango ditu, eta hirugarrenak 200 euro eta beste trofeo bat.
Dokumentuaren akzioak