Dokumentuaren akzioak
Kultura Dantza Goierriko Dantzari Helduen III. Topaketa iruditan
Goierriko Dantzari Helduen III. Topaketa egin dute gaur Legorretan. Goierriko zortzi dantza taldetako ordezkariak elkartu dira: Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide, Urretxuko Lurra eta Zumarragako Irrintzi. Denera berrehun dantzari baino gehiago.
Otsoak, Aurtzaka, Oin Arin eta Lurra taldeetako txistulariek, Ozenki txistulari taldeak, Hernaniko txistulari eta dultzaineroek, Ordiziako txistulariek eta Lizarriturri taldeko dultzaineroek ere parte hartu dute topaketan.
Goizean herrian desfilea egin dute dantzariek eta musikariek. Geldialdiak egin dituzte txoko ezberdinetan. Eguerdian plazan amaitu dute goizeko jarduna, alardea eginez. Bazkalondoan erromeria izango da Ttipika taldearekin.
Harremanak sendotzeko helburuz
2019an antolatu zuten lehen aldiz Goierriko Dantzari Helduen topaketa, Lazkaon. Bigarrena, berriz, Idiazabalen egin zuten, 2022an. Aurten Legorretan ospatu dute, hirugarren aldiz. Korrika kulturalaren barruan kokatu dute ekimena, eta Korrika bezala, bi urtez behin antolatzen jarraitzea dute helburu.
Goierriko Dantzari Helduen topaketa eskualdean erromeri bira bat egiteko aitzakian sortu zen, Goierriko dantza talde ezberdinen elkarlanetik, talde horien arteko harremana sendotzeko eta dantza sustatzeko asmoz.
Argazkiak eta bideoa: Gotzon Aranburu
Dokumentuaren akzioak