Dokumentuaren akzioak
Kultur adar orok agurtu du Bidador
Asteartean hil zen Joxemiel Bidador idazle eta ikerlaria, eta Artikan eman zioten atzo azken agurra euskal kulturgintzako hamaika alorretako ordezkari eta lagunek.
Irakasle, ikaskide, eta irakasle-kide gisa gogoratu zuten Bidador
Maider Itxaso ikasleak, Inma Larrazabal ikastolako lankideak eta Pello
Argiñarena kazetari eta unibertsitate garaiko ikaskideak. Argiñarenak
kontatu zuenez, kasik, kasualitatez hasi zen Bidador umetan euskara
ikasten, baina «seduzitu» egin zuen hizkuntzak eta «pasio» bilakatu
zitzaion.
Elkarrizketa modura gogoratu zituzten Roldan Jimeno eta Santi
Leone historialariek Bidadorrek ikerlari gisa egindako lanak. «Eruditua
zen gauza askotan, baina inolaz ere ez jakintsu aspergarria
horietarikoa». Egindako dibulgazio lanak gogoratu zituzten gero,
Alberto Barandiaran eta Kike Diez de Ulzurrun kazetariek, eta haren
omenezko bina bertso bota zituzten Joxema Leitzak eta Mikel Tabernak.
Castillo Suarez eta Jose Angel Irigarai idazleek eraman zuten
Bidador idazlearen oroitzapena Artikara, eta Bidadorrek sakon ikertu
zuen Alexander Tapia Perurena idazlearen alabak lore sorta bat eman
zieten Ilaski Sara Bidadorren alargunari eta alabei.
Dantzaria eta dantza ikerlea ere izan zen Bidador Xabier
Mendizabal Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak aipatu zuenez, eta
dantzan arituz omendu zuten, horregatik, San Lorentzo eta Duguna dantza
taldeek, Tuterako gaita jotzaileen laguntzaz. Eskerrak eman zituen,
azkenik, familiaren izenean antolatzaile lanetan aritu den Patxi
Larrionek, eta hark agurtu zuen azkenekoz Bidador oholtzatik: «Adiorik,
ez».
Dokumentuaren akzioak