Dokumentuaren akzioak
Kukaik ‘Erritu’ eskainiko du Chillida Lekun, udako solstizioa ospatzeko
Aire librean eskainiko du Kukaik bere lana
Ekainaren 21ean, Chillida Lekuk udako solstizioa ospatuko du Kukai gipuzkoar konpainiarekin, horrek Erritu ikuskizuna erakutsiko baitu bertan, aire librean, Eduardo Chillidaren eskultura eta arbola artean.
Erritu "bizi bidaia" bat da, eta biziera guztiak errepasatzen ditu, erritu indibidual eta kolektiboen bidez, betiere naturarekin eta komunitatearekin harremanetan.
Kukai 2001ean sortu zuten, Jon Maya dantzari eta koreografoaren ekimenez, eta euskal dantza tradizionala da bere lanaren ardatza, baina beti dantza eta, oro har, artea ulertzeko beste modu batzuekin uztartuta.
Bere lan arrakastatsuenen artean daude Tanttaka Teatroarekin batera sortutakoak, eta koreografo askorekin egindako lankidetzak: Cesc Gelabert, Israel Galvan, Jone San Martin (The Forythe Ballet), La Intrusa Danza, Marcos Morau / La Veronal…
Ikuskizuna 21:30ean hasiko da, eta museoaren ateak ordubete lehenago irekiko dituzte, 20:30ean. Sarrerak museoaren webgunean, museoko txarteldegian eta Hernaniko turismo bulegoan erosi ahal dira, 20 euroan publiko orokorrarentzat, 12 euroan 18 urtetik beherakoentzat eta doan 8 urtetik beherakoentzat.
Antolatzaileek mantak edo toallak eramateko gomendioa eman diete joateko asmoa dutenei, hezetasunari aurre egiteko, ikuskizuna belardian eserita ikusteko moduan emango baitute.
Dokumentuaren akzioak