Dokumentuaren akzioak
Kukai-Tanttakak bi Max sari eskuratzeko aukera du bihar
Hautagai dira Aizpea Goenagaren 'Ezker-eskuma' lana eta Hortzmugaren 'Superplast'
Joseba Sarrionandiaren poemetatik abiatutako ikuskizuna da Hnuy Illa.
Mireia Gabilondok zuzendua, Jon Maia dantzari eta Kukai taldeko
kidearen koreografia du, eta Iñaki Salvadorren musika. Horrez gain,
kolaborazio ugari izan du ikuskizunak: Mikel Laboa, Ruper Ordorika,
Maria Berasarte, Asier Hernandez...
Bigarrengoz dago Kukai-Tanttaka Max sarietan. 2003an 1937, gogoaren bidezidorretatik ikuskizunarekin izan baitzen hautagai, lan berri onenaren sarirako.
Iazko uztailean estreinatu zenetik, arrakasta handia izan du
Kukai-Tanttakaren obrak. Izan ere, kritikak eta ikusleek harrera ona
egiteaz gain, sariak izan ditu. Abenduan, esate baterako, ikuslearen
sari berezia jaso zuen Azpeitiko Antzerki Topaketetan. Gainera, Euskal
Herriko hainbat antzokitan emanaldiak egin ditu, eta Galizian eta
Mexikon ere izan da.
Aizpea Goenagak idatzitako antzezlana da Ezker-eskuma.
Glu Glu konpainiak ekoitzi du, eta Goenagak berak zuzendu du Ane
Gabarainekin batera. Bi emakume dira protagonistak, Rosa (Loli
Astoreka) eta Sara (Iñake Irastorza). Bakoitza bere etxean bizi da,
bere munduan, eta egunerokotasunak dakarzkien arazoekin ari dira etenik
gabeko borrokan.
Zakar Jauna superheroiaren istorioa da, berriz, Superplast,
Hortzmuga Teatroak egindako kale antzerkia. Julen Gabiriak idatzi zuen
testua, Raul Cancelo izan da eszena zuzendaria, eta Pako Revueltas
aktoreen zuzendaria.
Lan onenaren saria
Lan onenaren saria eskuratzeko, 15 lehiakide izango ditu Hnuy Illa-k. Esate baterako, Nafarroako Gaiarre antzokiaren Luces de Bohemia, Teatre Nacional de Catalunya y Teatre Ponent konpainiaren Singapur, Kataluniakoa, eta Lagarta Lagarta konpainiaren Aeroplanos, Galiziakoa.
Dokumentuaren akzioak