Dokumentuaren akzioak
Kukai taldea eta Ttanttaka antzerkia gaur 22:00etan Baztartxoa antzokian
Jon Maia dantzariaren gidaripean esparru berri bat lantzen dua
Taldea abian jarri denez geroztik, gainera, emaitza nabari eta esanguratsuak eman ditu, euskal dantza tradizionalaren baitan aurrera urratsak emateko helburu horretan.
Dantza tradizionalaren ezagutzaile onak izanik Jon Maiak eta Kukai taldeak euskal dantzaren baitan esparru berri bat lantzeari ekin diote. Hori da, hain zuzen ere, ikuskizun honen xede nagusia eta orain arte Kukai Taldeak egindako lanen muina ere bai.
Jon Maia
Jon Maia dantzaria eta zuzendariaz gain honako dantzariok dira Kukai Taldea osatzen duten dantzariak: Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maia, Ibon Uharte, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño.
Ikuskizun berri hau taldearen helburu eta erronka nagusia da une honetan. Izan ere, gisa honetako ikuskizunak sortzeko bildu ziren Kukai izenarekin dantzariok. Bestalde, ezin ahaztu dantzari guzti hauek dantzaren eremu tradizionalean, batik bat, dantza taldeetan eta dantza irakaskuntzan buru-belarri jarduten duela, eta eremu horretan ere lan garrantzitsua egiten dutela. Kukai Taldeko dantzariek taularatzen dituzten dantzei benetako itxura, eta haria emango diena Ttanttaka taldea izango da. Izan ere, ikuskizun hau bi taldeon arteko koprodukzioa da.
Ttanttakak ibilbide oparoa du euskal antzerkigintzan, eta proiektu honetan barneratu izana berme garrantzitsua da ikuskizunarentzat. Antzerki talde hau arduratuko da saioari zentzu dramatikoa emateaz. Hau da, Ttanttakak sortuko du ikuskizunaren kontakizuna eta gidoia, bera arduratuko da aktore-dantzarien lana zuzentzeaz, eta bere lan talde osoa arduratuko da produkzio lanaz, eszenografiaz, argiztapenaz, sonorizazioaz...
Oholtza gainean ageri den ikuskizun osatu batek behar dituen oinarri guztiak ipiniko ditu Ttanttakak. Dantzak, antzerkiak eta musikak bat egin dute euskal dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizun hau sortzeko. Eta, gainera, izen propio oso esanguratsuekin. Ikuskizunaren bultzatzaileak izan dira Jon Maia dantzariak sortutako Kukai Taldea, Tanttaka Antzerki Taldea eta Juan Mari Beltran musikaria.
Dokumentuaren akzioak