Dokumentuaren akzioak
Kukai dantza konpainiak bere lehenengo kale ikuskizuna egin du: 'Soka'
Gipuzkoako soka dantzan inspiratu dira Jon Maya eta Pantxika Telleria
Bost dantzari eta bi perkusio-jolerentzako dantza
ikuskizuna da. Oraingoan, Kukai dantza konpainia Pantxika Telleria
koreografo lapurtarrarekin jardun da elkarlanean. Halaxe, dantza
ulertzeko bi ikusmolde horiek bat egin dute.
«Bilaketa baten emaitza» da ikuskizuna, atzoko
aurkezpenean Jon Mayak azaldu zuenez. «Pantxikarekin inoiz jardun
gabeak ginen. Baina gure prestakuntza prozesuan berarekin topo egin
genuen eta elkarrekin jardutea erabaki. Gipuzkoako soka dantza izan
dugu inspirazio iturria, eta begirada berri bat eman nahi izan diogu».
«Apustua» ere izan da ikuskizuna, Mayaren ustez:
«Adibidez, perkusioa erabiltzea apustua izan da». Pantxika Telleriak,
berriz, atzoko aurkezpenean aitortu zuen hasieran beldur piska bat eman
ziola proiektuak, baina gero lankidetza horretan jardutea «plazer bat»
izan omen da.
Kaleko antzerkia da eta «horrek aldioro desafioa dakar.
Kalean denez, dantzatokia beti izanen da diferente», jarraitu zuen
Pantxika Telleriak.
Dantzaren hasiera aldera, klarion batez borobil moduko bat marrazten dute danztariek kalean. Huraxe izango da dantzatokia.
Ikuskizunean zehar badira pasarte batzuk non dantzariak
desafioka bezala aritzen diren; badira festa tankerako pasarteak ere,
edota besarkaden antzekoak.
Korrika-ren hasiera eta bukaera ekitaldietan proba
moduko saioak egin zituen Kukaik. Gero, Herri Urratsen ere jardun ziren
dantzariok. Asteburu honetan izango da estreinaldia, Leioan, eta
Valladolideko Kaleko Antzerki eta Arteen Festibalera ere emango dute
ikuskizuna.
'SOKA'
Dokumentuaren akzioak