Dokumentuaren akzioak
Kukai dantza taldeak jaso du Umore Azokako ohorezko saria
Harreman estua du konpainiak Leioako Azokarekin, bertan hiru artelan aurkeztu baititu
2015eko Umore Azokako epaimahaiak saritutako taldeak ere izan dira ekitaldian garaikurra eta diploma jasotzeko, eta ekitaldi amaieran iragarri dute antolatzaileek Umore Azokako aurtengo Ohorezko Saria. «Etengabeko ikerketa» da Kukai dantza taldearen oinarria, eta «euskal dantza tradizionaletik edaten du berrikuntzari ateak zabaltzeko eta dantza garaikidea sortzeko». 2001ean aurkeztu zuen konpainiak 'Deiadar' aurreneko ikuskizuna, eta geroztik hainbat obra sortu ditu. Azkena 'Oskara' da, La Veronal konpainiarekin batera sortutakoa.
Izan ere, «trukea eta elkarlana» da Kukairen beste zigiluetako bat. Cesc Gelabert koreografoarekin egindako lanaren emaitza izan zen 'Gelajauziak' ikuskizuna, esaterako, eta iazko Dantza Talde Onenaren MAX saria jaso zuen, hain justu ere, Umore Azokan estreinatu zuen ikuskizun horri esker.
Konpainiak «harreman estu eta luzea» izan du Umnore Azokarekin, bertan estreinatu eta erakutsi baititu, adibidez, 'Soka' (2009), 'Karrikan' (2011) edo 'Hazipenen Poza' (2015) piezak. «Kukaik Umore Azokarekin erakutsitako konpromisoa eskertu nahi dugu. Kalerako ikuskizunak sortzeko jauzia azoka honetan ematea erabaki zuen Kukai dantza taldeak, eta geroztik eutsi egin dio harreman horri ia produkzio guztia plaza honetara ekarriz», azaldu du.
2015eko sariak
Iazko edizioko sariei dagokionez, Markeliñe taldeak jaso du Euskadiko Kale Ikuskizun Onenaren saria 'Andante' obrarengatik, «kalea eraldatzeko erakutsitako ausardiagatik, eta kale antzerkiaren muinera joz publikoa giro poetiko eta iradokitzailean murgiltzeagatik». Compagnie Les Mobilettes taldeak jaso du Kale Ikuskizun Onenaren saria 'Café Frappé!' lanagatik, «itxurrazko soiltasunez espazio publikoarekin elkarrizketa sortu, eta ikusleekin benetan bat egitea lortzeagatik». Azkenik, Paula Quintanarentzat izan da 2015eko Artista Berri Onenaren saria 'Latente' lanagatik, «dantza eta antzerkia uztartzeko erakutsitako heldutasunagatik eta proiekzio aukera handiak dituen ikuskizun borobila sortzeagatik».
Dokumentuaren akzioak