Sortzaile handiak diren zalantzarik ez da. Egiten dutena eta egiteko moduak bilakatzen du berezi haien sorkuntza. Sari ugari jaso ditu bidean Kukai Dantzak, eta orain ere, haientzat sobera ezaguna diren Arte Eszenikoen Max Sarietarako izendapena lortu du dantza konpainiak.
Zehazki Jon Maya da izendatu dutena, eta ez da izendapenean bakarrik, izan ere, Andres Marin flamenko dantzariak ere jaso du, aitortza beraz, biei egin nahi die sariketa horrek. Izendapenaren arrazoia, Yarin ikuskizuna da. Mayak eta Marinek euskal dantza eta flamenkoaren arteko fusio ederra lantzen dute dantza sorkuntza horretan, bata bestearen eskutik.
Max Sarietako ekitaldi nagusia Tenerifen egingo dute (Kanaria Uharteak) uztailaren 1ean. Sari banaketa, Espainiako telebistaren bigarren kanalean ikusi ahalko da 20:00etatik aurrera.
Max Sarietan ibilbide luzea du Kukai Dantzak. 2009an, Errebelazio Saria eskuratu zuen Ttanttakarekin ondutako Hnuy Illa lanarekin; 2015ean Dantzari zerrenda onenaren Max saria eskuratu zuen dantza konpainiak Gelajauziak ikuskizunarekin; 2017an hiru sagar ekarri zituen Errenteria-Oreretara: Dantza Ikuskizun Onenaren Saria, Dantzari Zerrenda Onenaren saria, eta Iraia Oiartzabalek egindako lanarengatik, jantzien Diseinu Onenaren saria, Oskara dantza ikuskizunarekin. Urte horretan, gainera, Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi zuen Kukai Dantzak.
2023an berriz, Pascal Gagnek Eta orain zer? Kukai Dantzaren ikuskizunerako sortutako musika konposizioak irabazi zuen Max saria.