Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukai dantza konpainiak bira zabala egingo Argentinan abuztuaren 22tik irailaren 7ra

Dokumentuaren akzioak

Kukai dantza konpainiak bira zabala egingo Argentinan abuztuaren 22tik irailaren 7ra

Argentinan inoiz egin duen birarik luzeena egingo du aurten Kukai dantza konpainiak: bi aste pasatxo, Buenos Airesen hasi eta Santa Fen amaituz. Argentinako hiriburuko Regio Antzokian "Komunikazioa-Inkomunikazioa" ikuskizuna aurkeztuko du, abuztuaren 22, 23 eta 24an. Jarraian, "Gelajauziak" lana eramango du Tucuman, Salta, Jujuy, Corrientes, Resistencia, Parana eta Santa Feko antzokitara. Euskal etxeen zirkuitotik kanpoko bira da, baina Kukaiko koreografoak, Jon Mayak, hiriotako euskaldunekin lankidetzan emanaldi edo lantegiak antolatzeko gogoa agertu du.
Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Donostia-San Sebastian
Mota
Albistea
Data
2014/07/02
Lotura
Euskalkultura.com

Argentinako euskaldunek Euskal Herriko dantza talde punta-puntakoa ikusteko aukera izango dute abuztuan eta iralean, Kukaik herrialde honetan egingo duen bira zabalari esker. Dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizuna garaikideak sortzen ditu taldeak, eta nazioartean izena eta ospea eskuratu du azken urteotan.

Jon Maya koreografoak zuzentzen duen taldeak bi lan aurkeztuko ditu Argentinan, bertako Kultura Ministerioarekin antolatutako biran. Buenos Airesen "Komunikazio-Inkomunikazioa" ikuskizuna izango da ikusgai, Regio Antzokian. Ttanttaka antzerki konpainiarekin elkarlanean eginiko laugarren lana da, eta taulagainean dantzari, aktore eta musikariak biltzen ditu, Mikel Laboa euskal kantari ezagunaren obrari buruzko hausnarketan. Abuztuaren 22, 23 eta 24an egingo dira emanaldiak.

Ondoren, Argentinako hainbat hirietan aurkeztuko dute "Gelajauziak" izeneko ikuskizuna. Lan hau Cesc Gelavert koreografo katalanarekin elkarlanean sortutako koreografia da. Honako hirietan ariko dira: Tucuman (abuztuak 27), Salta (abuztuak 29), Jujuy (abuztuak 31), Corrientes (irailak 3), Resistencia (irailak 4), Parana (irailak 6) eta Santa Fe (irailak 7).

Euskal etxeei gonbitea

Euskal Diasporarekin harreman estua du Kukaik, eta konpainiak atzerrian egin dituen emanaldietan sarri izan dira euskal etxeekin harremanetan. "Argentinan, adibidez, bi aldiz izan gara, Villa Mariak Euskal Aste Nazionalean eta Bahia Blancan. Hasieran euskal etxeekin lankidetzan antolatzen ziren birak, baina azken urteotan gehiago aritu gara arte eszenikoen zirkuitoan".

Hala ere, taldeak oso gogoan du Diasporak euskal dantzarekin duen harreman estua eta beti agertzen da prest eurekin lankidetzan emanaldiak edo lantegiak antolatzeko. "Quebec-en horixe egin genuen iaz, hango dantza jaialdi batek gonbidatuta joan ginen, baina beste emanaldi bat egin genuen euskal etxearekin batera".

Oraingoan ere, gonbitea luzatu nahi dio taldeak euskal komunitateari, eta birak uzten dien tartean zer edo zer antolatzeko aukerak aztertzeko gogoa agertu du Mayak. Horretarako, jar zaitezte harremanetan konpainiarekin dantza@kukai.info helbidean.

Kukai dantza konpainiak bira zabala egingo Argentinan abuztuaren 22tik irailaren 7ra

"Gelajauziak" ikuskizunaren emanaldia Donostiako Konstituzio plazan (argazkia www.kukai.info)

 

GELAJAUZIAK from Kukai Dantza Konpainia on Vimeo.

Dokumentuaren akzioak