Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukai dantza konpainia ikusteko parada Donibane Garazin

Dokumentuaren akzioak

Kukai dantza konpainia ikusteko parada Donibane Garazin

Heldu den abenduaren 7an “Adiskideak” izeneko ikusgarria eskainiko du dantza taldeak Baxe Nafarroako hiriko Jai Alai ezker paretan. Harekin batera izanen da Bax' Ainara taldea.

Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Donibane Garazi
Mota
Albistea
Data
2019/10/31
Lotura
Kazeta

Kukai dantza taldea ikusteko aukera izanen da abenduaren 7an Donibane Garazin. Munhoa eta Garaziko ikastolek antolaturiko gaualdia 21.00etatik aitzina hasiko da, Jai Alai ezker paretan. Lehen zatian Bax' Ainarak talde baxenafarraren dantzez ere gozatu ahalko da.

Bere hamabosgarren urteurrena ospatzeko sortu zuen “Adiskideak” ikusgarri berezia Kukai konpainiak. Dantza eta musika batzen ditu kontzertu-dantza formatuan. Lankidetza hainbat musikari eta talderekin egin zuten. Horien artean dira Oreka TX (txalaparta), Kalakan (ahots eta perkusioa), Iñaki Salvador (pianoa eta akordeoia), Andoitz Antzizar (trikitixa), Iñaki Telleria (perkusioa) edota Piter Ansorena (txistua).

Sartzeak salgai dira jadaneko, 18 eurotan aitzinetik erosiz gero eta 20 eurotan tokian berean. Hauek dira salmenta puntuak: Turismo bulegoak, Sarçabal okindegia eta Luro lorategia (Donibane Garazi), Spar (Baigorri), Ardantegia (Luzaide), Pagola (Donapaleu), Fashion Takoin (Kanbo), Xuriatea (Hazparne), Bittor (Ziburu) eta Kalostrape (Baiona).

Dokumentuaren akzioak