Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukai, bizi-bizirik dirauen hamarkada bat bistadizo batean

Dokumentuaren akzioak

Kukai, bizi-bizirik dirauen hamarkada bat bistadizo batean

Hamar urte beteko ditu oholtza gainean Kukai dantza taldeak eta hilaren 26ra bitartean euren ibilbidearen erakusketa jarri dute Errenteriako Xenpelar etxean. Taldeak ez du etenik, martxan jarritako ikuskizun guztiak «bizirik» mantentzen dituzte eta berriekin ari dira lanean.
Egilea
Ane Arruti
Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2012/10/17
Lotura
Gara

«A ze piura!», zioten atzo Kukai dantza taldeko kideek duela hamar urteko argazkiak ikustean. «Ze arropa, ze ile eta ze ume aurpegi...!». Izan ere, konturatzerako hamar urte igaro dira oholtza gainean lehen pausoak ematen hasi zirenetik eta bitarte horretan pasa den guztia biltzea ezinezkoa bada ere, Errenteriako Xenpelar etxean hilaren 26ra bitartean izango den erakusketak taldeak bizi izan duen eraldaketa gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du.

«Kukai oraindik Kukai ez zen garaitik» hasi eta «Out/in» azken ikuskizunerainoko bidaia proposatzen dute argazki, egunkari-zati, jantzi edo kartelen bitartez. Gustura azaldu zen atzo Jon Maya dantzaria, gainerako kideekin batera. «Gehien pozten nauena da hamar urteren ondoren ere, ikuskizun guztiak bizirik egotea», aitortu zuen. Batetik bestera eboluzio bat egon bada ere, orain arte sortutako ikuskizun guztiak taularatzen jarraitzen baitu Kukaik, bai Euskal Herrian eta baita mundu zabalean ere. Argentinan, Txilen, Uruguain, Venezuelan, AEBetan, Kolonbian, Estatu espainiarrean eta Britainia Handian aurkeztu izan ditu bere lanak. Eskaerak jarraitzen omen du eta aurrera begira ere badituzte proiektu berriak. Bilboko Arriaga antzokiarekin eta, laugarrenez, Ttanttaka konpainiarekin batera ekoiztuko dute «Komunikazioa-inkomunikazioa». «Mikel Laboarekin ikasi genuen jolas batean jolasten» jarraitzen duen sentipenetan oinarritutako lana 2013ko martxoaren 1ean eta 2an taularatuko da Bilbon.

Ttanttakarekin elkarlanean

Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira aurten berriro taularatu duten «1937. Gogoaren bidezidorretik» ikuskizunarekin hasi zen Kukai Ttanttakarekin lanean. 2002an izan zen eta ehun emanalditik gora eskaini zituzten. Elkarlan horrek beste bi ikuskizun ekarri zituen: «Otehitzari biraka» eta «Hnuy illa», azken hau Joseba Sarrionandiaren poesiatik abiatuta. Mireia Gabilondo izan zen «trilogia moduko» honen zuzendari. «Oteizarenak aldaketa estetikoa suposatu zuen batik bat; `Hnuy illa'-arekin, berriz, dantza garaikidearekin tonteatzen hasi ginen». Azken honekin errebelazio ikuskizunaren Max saria eskuratu zuten 2009an -Max Sagarra ikusgai dago erakusketan-.

Kalera jauzia 2007an etorri zen, Valladolideko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren enkarguz, Logela Multimediarekin batera sortutako «Latidos/Taupadak» kale-ikuskizunarekin. Ondoren, beste lan eremu bat zabaldu zuten, koreografo ezberdinekin kolaborazioak eginez. Pantxika Telleriarekin sortu zuten «Soka» kale-ikuskizuna, aretoan «Sok [2]» lanarekin jarraipena izan zuena -Bilboko Campos antzokia inauguratzeko erabili zuten-.

«Karrikan» lanean, berriz, Damian Muñoz eta Virginia Garcia (La Intrusa Danza), Iker Gomez eta Pantxika Telleria izan zituzten koreografo. Leioako Umore Azokan euskal ekoizpen onenaren saria jaso zuten eta honek ere jarraipena izan du areto barruan «Out/in»-ekin.

Euskadiko Orkestrarekin, Andra Mari abesbatzarekin... ere kolaboratu izan dute eta dantza, txalaparta eta kantua uztartuz sortu zuten «Hostoak» lana ere, Amaren Alabak eta Oreka Tx-kin batera. «Noizbehinka bizitzak ematen dizun opari horietakoa» esanez definitu zuen Mayak ikuskizun hau. «Sarrerak agortu genituen, bigarren buelta bat egiteko aukera eman zigun antzoki nagusiak errepikatuz...».

2009ko Madalen jaietan Errenteriako Udalak txupinazoa botatzeko aukera eskainiz eginiko omenaldia ere ez dute ahazteko. «Bertakoak gara eta beti saiatu gara lehenengo edo bigarren emanaldia Errenterian egiten». 2008az geroztik, publiko berriak sortu eta sentsibilizatzeko hitzarmena dute Udalarekin.

  • p047_f02_116x84.jpg

 

Dokumentuaren akzioak