Dokumentuaren akzioak
Kuestazio jendetsua, beste behin ere
Eguraldi arrunt petralarekin ibili ziren atzo Kuestazioan makina bat gazte, haur eta heldu, herriko auzo guztietatik barrena. Gainera, urterik urte geroz eta jende gehiagok parte hartzen du festa horretan. Iazko markari aurten ere eutsi diote, eta eguraldi txarrari aurre eginez talde eder askoak ibili ziren, dantza eta brinko.
Goizean etxez etxe, baserriz baserri dantzan aritu ondoren, bakoitzak bere auzoko elkartean bazkaldu zuen eta arratsaldean plaza inguruan bildu ziren denak. Ihotetan Oiartzungo auzo bakoitzean talde bat ibiltzen da baserri eta etxeetan dantzan, trikitien, alboken, panderoen soinua lagun dutela. Atzokoan ere horrelaxe izan zen. Soinuenea-Herri Musika txokoko musikariak ere auzoka banatu ziren, talde ezberdinak dantzan jartzeko agindua ederki betetzeko.
'Arrautz iyotea'
Duela hirurogei bat urte, herriko neska-mutilek ere egiten zuten Kuestazioa. Taldetan bildu eta etxez etxe eskean ibiltzen ziren herriko gazteak, nor bere auzoan. Nagusiki janaria zen eskatzen zutena: babarrunak, intxaurrak, gazta, odolkia, haragia... baina edariak ere izaten zuen bere lekua, batez ere, ardoak eta sagardoak. Gainera, mitoen esanei jarraituz, erratzarekin joan eta etxe atariak errazten aritzen ziren, izpiritu txarrak uxatu eta bertakoei urte osorako zorte ona opatzeko. Hau zen etxekoei beren eskuzabaltasuna eskertzeko erabiltzen zuten bidea.
Era berean, eguna alaitze aldera edo, eskura zituzten musika tresnak hartuta, nola trikitixa, txistua... zein festa kutsua sor zezakeen beste edozein tresna; kantuan eta dantzan aritzen ziren. Etxekoen umorearen edo dantzarien trebeziaren arabera, hamaiketakoren bat ere jasotzen zuten gazteek. Gastatu ez ezik, irabazi ere egin behar da! Beraz, goiz osoan goiti eta beheiti ibili ostean, auzokideak bertako plazan elkartu eta bildutako janariarekin bazkari eder bat egiten zuten, nahiz eta aurretik ere tripa nahiko betea zuten.

Kuestazioko taldetxoa, Iturriotzen.

Gazte haur eta helduz osaturiko taldea kuestazioan, dantza giroan, Karrikan eta Altzibarren. :: ARGAZKIAK GOIZARIN

Dokumentuaren akzioak