Dokumentuaren akzioak
Kriskitinek gonbidatuta datoz Mazedoniako dantzariak Durangon saioa eskaintzera
Uda Kalean Bizi aire zabaleko kultur programazioa itxiko du Durangon Folk jaialdiaren zapatuko emanaldiak.
Mazedoniako Skopje hirian 1945ean sorturiko dantza eta kantu taldea da Orce Nikolov. Balkanetako herrialde hartako herri dantzak, kantuak, musikak eta janzkerak zaindu eta ezagutzera ematea helburu hartuta sortu zuten taldea. Durangon, talde horretako 42 kide arituko dira; dantzariak eta akordeoia, klarinetea, danborra eta biolontxeloa jotzen duten musikariak batuta.
Mazedoniako zenbait eskualdetako hamar dantzen emanaldia eskainiko dute mazedoniarrek Santa Anan. Kriskitinek, bestalde, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko sei dantza eskainiko ditu. Emanaldiari amaiera emateko, talde bietako dantzariek Luzaideko polkak dantzatuko dituzte elkarrekin.
Aurreko edizioetan bezala, doako sarrera edukiko du Durangon Folk jaialdiaren barruko emanaldiak, eta antolatzaileek aulkiak ipiniko dituzte ikuslegoa eroso egon dadin.
Abuztuan, Tenerifera
Durangoko zapatuko emanaldi horren ostean, Kriskitin dantza taldeko kideak izango dira geure dantzak erakustera bidaian joango direnak. Abuztuan, emanaldi bi eskainiko dituzte Tenerifen: Candelariako nazioarteko folklore jaialdian bata, eta irlaren hegoaldeko El Médano herrian, bigarrena
Dokumentuaren akzioak