Dokumentuaren akzioak
Kresala Egunak dantzan jarri du Musika Plazan batutako jende guztia
Elkarteko kideen iritziz, gainera, eguraldi ona lagun jende asko batu zen dantzarien inguruan. «Goizean eskaini genituen dantza saioek jendearen harrea oso ona izan zuten. Eguerdi partean herrian sekulako giroa zegoen, eta hori igarri egin zen eskaini genuen dantza saio bakoitzean. Alde zaharrean, Alamedan zein Itsasaurre Plazan, esaterako, jende asko hurreratu zen dantzak ikustera».
Ohiko dantzez gain, aspaldiko partez herrian ikusi ez diren dantzak (salina-salina, esaterako) egin zituzten, eta horrek ere arrakasta izan zuen.
Goizeko saioak eta gero, etenaldi txiki bat egin zuten. Hain zuzen ere, Antiguako Ama Elkartean batu ziren bertso bazkaritan hainbat lagun. Bertan egon zirenek Onintza Enbeita eta Eneko Arrate bertsolariekin batera tarte ederra igarotzeko aukera izan zuten. «Batu ginen guztiok gustura egoteko tartetxo bat izan genuen».
Bazkaritan indarrak hartu ondoren, iluntzean azken dantzak egitera atera ziren, eta Musika Plazan batuta zegoen jendetza dantzan ipintzea lortu zuten. «Itsasaurren egin genuen lehendabizi osteratxoa, eta handik nahikoa jende batu zen gurekin batera kalejiran. Jendea umeekin eta etorri zen, eta giro polita sortu zen».
Umeekin hainbat dantzan egin zituzten, eta eguna amaitzeko larrain dantzan batu ziren herritarrak.
Dokumentuaren akzioak