Dokumentuaren akzioak
Kresala dantza taldeak ‘Haize hegoa’ ikuskizuna estreinatuko du bihar
Bi zatik osatzen duten dantza egitaraua du ikuskizunak. Horrela deskribatu dute: «gaua eta egunaren artekoa bezala, iparra eta hegoa, beltza eta zuria, ilargiaren bi aldeen parekoa». Lehendabiziko zatian, Zeruko drama koreografiko astrala aurkeztuko dute, «ozeano Atlantikoko haize eta itsasoa hartzen duen pasarte nordikoa». Bigarren zatian, berriz, Kulunka «esanguratsua» burutuko dute, «Hego Europako hego-haizea duen mediterraneo izaerakoa, errepika ezina izango den gau iradokitzailean».
Kresalak herri dantza molde berri bat aurkeztuko du Haize hegoa ikuskizunean. Guztira 24 pieza eskainiko dituzte, dantza tradizional garaikidea eta historikoa bat eginez. Hain zuzen ere, dantzaren ikuspegi berritu bat uztartu dute, «dramaturgiak eta poetika bisualak, preklasikoko dantza moldeak txirikordatuz, diziplina eszenikoari zentzu berri bat emanez». Lan horretan eman dituzte azken 50 urteak, «betiereko jarduera kritikoan eraikitako euskal ondare koreografiko berri baten birsorkuntzarekin».
Faustino Aranzabal arduratu da zuzendaritza artistiko eta eszenikoaz. Taula gainean, berriz, 50 dantzari ariko dira.
Dokumentuaren akzioak