Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kreole kulturak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Kreole kulturak dantzan

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Kritika
Data
2022/09/13
Lotura
Berria
Dife Kako konpainiaren <em>Cercle égal demi-cercle au carré</em> emanaldia, artxiboko argazki batean.
Dife Kako konpainiaren Cercle égal demi-cercle au carré emanaldia, artxiboko argazki batean. BERRIA
 

'Cercle égal demi-cercle au carré'

Konpainia: Dife Kako. Koreografia: Chantal Loial. Koreografia laguntzailea: Delphine Bachacou. Musikariak: Yann Viallegois, Gaelle Amour, Elise Kali, Igo Drane, Nita Alphonso. Dantzariak: Stephanie Jardin, Sandra Sainte-Rose, Chantal Loial, Delphine Bachacou, Regis Tsoumbou Bakana, Leo Lorenzo, Diego Dolciami, Mario Pounde. Lekua: Miarritzeko Kasinoa (Lapurdi). Data: Irailak 10.

 

Miarritzeko Dantza Maitaldian askotan gertatu bezala, kultura beltzetako dantzaz gozatu ahal izan dugu, oraingo honetan Dife Kako konpainiarekin.

Antilletan —Guadalupe— jaiotako Chantal Loialek sortu zuen 1995ean Dife Kako konpainia, Karibeko irletako eta afrikar kulturak dantzaren bidez eta ikuspegi garaikidetik elkarlotzeko. Horren adibide da Miarritzeko emanaldian Guadalupe, Martinika, Guyana, Kamerun, Gabon eta Frantziako dantzariak ikusi ditugula. 

Cercle égal demi-cercle au carré deitu da proposamena (Zirkulua berdin erdi-zirkulua ber bi), horrela irudikatuz Frantziako eta, hedaduraz, Europakokartesiar logikak ez duela berdin funtzionatzen beste kultura batzuetan. Izan ere, haietan pisu handia hartzen dute beste kontu batzuek, hala nola gorputzaren eta arimaren arteko lotura organikoak eta kolektibitatearen zentzuak. Kontu biak dira funtsezkoak haien dantzetan, eta ez da harritzekoa kolonizazioak ekarritako dantza sozialak herri kolonizatuetan erraztasun handiz errotu izana, betiere beraien molde eta parametro estetikoei egokituak izan ostean.

Gauzak horrela, Dife Kakoren emanaldian ikusi dugunak ez du zerikusirik izan ez ohiko planteamendu neoklasiko zein garaikiderekin ez ohiko folklore erakustaldiekin, askotan europarrak ez diren konpainiengandik inkontzienteki espero duguna. Hala ere, demagun gure ikuspegi kartesiarretik era erdi-kaotikoan gertatu dela guztia, demagun zenbait kultura beltzetako ohitura sozial gutxi edo asko eraldatuak ikusi ditugula dantzetan. Horrelako ezerk ez dio baliorik kentzen Loialen eta Bachacouren lanari, herri haien erroetan sakondu eta gaurkotasunera ekarri dituztelako, bizipoza uneoro erakutsiz eta beraien izaera harro aldarrikatuz.

Hamabi bat dantzari gehi —une batzuetan— hiru bikote tradizional izan dira taula gainean, eta haiekin batera bost musikari-abeslarik jo dituzte akordeoia, gitarra elektrikoa, marakak eta perkusioa. Baina, esan bezala, musika ez da beti tradizionala izan, eta Antilletako zein Afrikako doinu zoragarriekin batera, soinu elektronikoak, technoa eta jungle bezalako erritmoak konbinatu dira egoeren arabera.

Bai dantzariak bai musikariak —haiek ere dantzatu dute, nola ez— praka eta alkandora zuriekin ibili dira, antillar ukitu polit batzuekin, eta ikustekoak izan dira hiru bikote tradizionaletako emakumeen jantzi dotoreak. Kreoleraz, frantsesez eta —esaldi batzuetan— Kamerungo alemaneraz esandako solasaldiak etorri dira musikarekin batera, eta amaitutakoan Kasinoko aurrealdean Oinak Arin euskal dantza taldeak giroa alaitu du ikusle-dantzari askoren parte-hartzearekin, eta jendetza Plaza Berri pilotalekura gidatu dute, han amaitu delako Dife Kakoren gaualdia kontzertu dantzatu batekin (Bal Konser, kreoleraz).

Dokumentuaren akzioak