Dokumentuaren akzioak
'Korrontzi Dantzan' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
'Korrontzi Dantzan' saioa estreinatuko da gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en, Agus Barandiaran gidari duen musika taldearen eskutik. "Korrontzi dantzan" proiektuak 50 emanalditik gora egin ditu, bai Euskal Herrian zehar, baita atzerrian ere, sekulako arrakastarekin. Orain, egitasmoak telebistara egingo du jauzi, lau haizeetara zabaltzeko asmoz.
Egitasmo horretan, Korrontzik emanaldia eskaini behar duen herrian, bertako dantza taldeekin koreografia desberdinak lantzen dituzte. Hori izango da dantzari amateurren erronka nagusia: Korrontzi taldearen koreografiak dantzatzea, herri osoaren aurrean.
Erronka betetze aldera, Agus Barandiaran arduratuko da trikitixarekin koreografiei doinua jartzen, eta Izaskun Iturri dantzariak erakutsiko dizkie koreografien oinarrizko urratsak herritarrei.
Sopela, Zarautz eta Bermeoko dantza taldeak hartuko ditu protagonista ETBko saioak. Bertan, emanaldia nola prestatzen duten ikusi eta jende aurreko ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu.
Lehen atala, Sopela
Emanaldia prestatu bitartean, dantzarekin zerikusia duten protagonistak ezagutuko ditu saioak, denak ere profil ezberdinekoak. Horien bidez, emanaldiaren aurreko entsegu eta probatan murgilduko gara, dantzari bakoitzaren eboluzioa hizpide hartuta.
Ikuskizunaren egunak presentzia nabarmena izango du; oholtza gaineko jardunaz gain, backstage-an sortzen diren emozio eta ardura guztiak ikusteko aukera izango dugu.
Ikuskizuna Larrabasterra auzoko festetan eskaini zuten, Eguzkilore eta Meñakoz dantza taldeen laguntzarekin. Bertan parte hartu zuten Sopelako lagunen artean, Aintzane, Laura, Karmele, Juanan, Marilyn, Yolanda de Miguel, Gorka, Julen, Asier, Bene, Antonio eta Arantza ikusiko ditugu aste honetako atalean.
'Korrontzi Dantzan' gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Dokumentuaren akzioak