Legazpiko Koristi dantza taldeak eta Legazpiko Udalak Oin Puntetan festa antolatu dute asteburu honetarako. Larunbat arratsaldean Iñaki Palacios &The Gael's taldeak ikuskizuna egingo du Korosti taldearekin. Igandean, berriz, haurrak izango dira protagonista.

Iñaki Palacios&The Gael's eta Korostiren ikuskizuna Legazpiko Urbeltz pilotalekuan izango da, 19.00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, bost euroan, Gurrutxaga, Kukue eta Urbeltz tabernetan, Laubideko estankoan eta Oskarbi optikan. WhatsApp bidez ere eskura daitezke, 688 852 624 telefono zenbakian. Egunean bertan, sarrerak sei euroan salduko dira. Lau urtetik beherako haurrak doan sartuko dira.

Urbeltz

Larunbatean Urbeltz pilotalekuan egingo duten ikuskizunean Iñaki Palaciosen hiru diskoetako abestiak entzun ahal izango dira: Lurra, ardoa, dantza (ardoari eta Arabako Errioxako mahastiei eskainitakoa), Harria (euskal kulturan eta harrian oinarrituta sortutako doinuak) eta Baltik (Irlandara bidaia, bertako melodiak, tradizioak, pub-ak, jendea… ezagutzeko).

Urbeltz pilotalekua

Urbeltz pilotalekua

Haurrak protagonistak

Igandean, esan bezala, haurren txanda izango da. Goizean Korosti dantza taldeko haurrak beste zazpi dan-tza talderekin batera Legazpiko kaleetan zehar ibiliko dira. 11.00etan elkartuko dira Laubiden. 11.45ean kalejira egingo dute, Laubidetik abiatuta. 12.30ean Euskal Herria plazan dantzatuko dute. Ondoren, haur, guraso, begirale, musikari eta dantzariek elkarrekin bazkalduko dute Azokan.

Legazpiko Korosti dantza taldearekin batera, beste zazpi talde arituko dira: Aurtzaka (Beasain), Indarra (Gasteiz), Irrintzi (Urretxu eta Zumarraga), Lurra (Urretxu), Oberena (Iruña), Oinarin (Antzuola) eta Sustraiak (Legazpi). Legazpin elkartuko diren haurrek Goiz Deia txistulari taldeak eta Iratzarri dultzainero taldeak lagunduta dantza egingo dute.

16.30ean, Aiko taldearekin batera dantzaldia izango da Euskal Herria plazan. Korosti dantza taldeak herritar guztiak dantza egitera animatu nahi ditu.