Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Korosti dantza taldea ikasturtea hastear da, udan Kosovon izan eta gero

Dokumentuaren akzioak

Korosti dantza taldea ikasturtea hastear da, udan Kosovon izan eta gero

Herrialde horretako folklore jaialdian parte hartu dute dantzari legazpiarrek. Agorreko Santikutzetarako Viladecans-eko eta Euskal Herriko castellers taldeak gonbidatu ditu. Ikasturte berrirako izen-ematea irekita du.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2025/09/09
Lotura
Goierriko Hitza

Korosti dantza taldeak laster hasiko du ikasturte berria, uda bete-betea igaro ondoren. Izan ere, Legazpiko taldeko 28 dantzari Kosovon izan dira, bertan uztailaren 27ik abuztuaren 2ra bitartean ospatutako Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartzen.

International Folklore Festival Dance and Rites ‘N’ Karadak Krisin Tupanat’ deitzen da legazpiarrek ezagutu duten jaialdia. Folklore eta Herri Arteen Jaialdien Erakundeen Nazioarteko Kontseiluak, CIOFF-k antolatzen duen jaialdietako bat da. Korostiko ordezkariek azaldu dute CIOFF kultura tradizionala eta folklorearen kontserbazioa eta sustapena helburu duen gobernuz kanpoko erakunde globala dela. 1970ean sortua Confolens-en (Frantzia), gaur egun 80 herrialde baino gehiagotan dago eta 300 jaialdi inguru babesten ditu mundu osoan. UNESCOren bazkide ofizial gisa, eta Ondare Kultural Ez-materialaren Batzordean akreditatua, CIOFF-ek ondare kultural ez-materiala babesteko lan egiten duela ere gogoratu dute, musika, dantza, erritu eta artisautza tradizionaletan arreta berezia jarriz.

Kosovon, lau hirietan eskaini du Korostik bere ikuskizuna, Mexiko, Brasil, Sizilia, Turkia, Iparraldeko Txipre eta Bulgariako dantza taldeekin batera. Ikuskizunetan parte hartzeaz gain, dantzari legazpiarrek turismo pixka bat egiteko aukera ere izan dute, bertako hainbat bitxikeria ezagutuz, eta “motxila bete esperientzia” ekarri dutela aitortu dute. Bertako jendeari eta gainontzeko taldeei Euskal Herriko jantzi, usadio, dantza eta bestelakoak ere erakusteko aukera izan dute. Hiri desberdinetan egin dituzten txulalai eta kalejira erraldoiak nabarmendu dituzte, “benetan giroa alaituz!”. Mexikarrekin “izugarrizko harreman polita” sortu dutela ere esan dute, baita gainontzeko taldeekin ere. “Zeinek daki, agian hemendik gutxira Legazpin ikusi ahal izango dugu talde hauetakoren bat!”. Bidaia amaitzeko antolakuntzakoei ohorezko aurreskua eta Euskal txapela oparitu zieten, “Euskal Herria eta Korosti ahaztu ez dezaten”.

Castellers taldeak, Agorreko Santikutzetan
Bidaia horretako esperientziak oraindik bizi-biziak dituztela, ohiko jarduerarekin hasita daude Korosti dantza taldeko kideak, eta larunbat honetan dute ikasturte berriko lehen hitzordua, Agorreko Santikutzetan. Aurten bi castellers talde gonbidatu dituzte jaietako folklore emanaldirako. Herrialde Katalanetatik etorriko da bat, Bartzelonako Viladecans hiritik, eta bestea, Euskal Herriko castellers taldea izango da. 

Castelleres taldeek hainbat emanaldi eskainiko dituzte larunbat arratsaldean. Hasteko, 18:00ak eta 18:30a bitartean Laubiden egingo dituzte gazteluak. Ondoren, Kale Nagusian egingo dute geldialdia, 19:00etatik 19:30era arte, eta Nafarroa kalera joango dira ondoren, 20:00ak arte. Amaitzeko, plazan izango dira, udaletxe atzealdean, 20:00etatik 20:30era.

Izen-ematea zabalik
Ikasturte berrirako izen-ematea ere zabalik du Korostik, eta herriko haurrei, nerabeei eta helduei zabaldu die taldekide bihurtzeko gonbidapena. Dantza egitea gustuko izatea da baldintza bakarra.

Izena emateko 688 852 624 zenbakira telefonoz deitu edo whatsapp mezua bidali daiteke, edo esteka honetan sartu: https://labur.eus/korosti2526.

Euskal dantza tradizionala erakusteaz gain, euskal dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen dituela gogoratu dute Korostiko arduradunek, eta horren erakusle  azken urteetan eskaini dituen ikuskizun berritzaileak direla gehitu dute, baita Korrontzi, Iñaki Palacios edo Kalakan artistekin izandako kolaborazioak ere.

    

Dokumentuaren akzioak