Dokumentuaren akzioak
Koreografo Gazteen VI. Erakustaldia abian jarri da
Bost sortzailek eginiko bost obra garaikide biltzen ditu eta Gasteizen hasiko da, larunbatean
Jose Antonio Arbelaitz Kultura eta Sortu eta Zabaltzeko zuzendariak eta erakusketan partaide izango diren koreografoek gaur aurkeztu zuten Bilbon erakustaldiaren seigarren edizioa.
Dantza sustatzeko erakusketa hau 1996an martxan jarri zen Dantza egitasmoaren baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzak diru laguntza publikoen deialdia egiten du urtero, hainbat formatuko dantza lanen sorkuntzarako. Sortu ondoren, erakusketen bidez zabaltzen dira.
Euskal Koreografoen Erakustaldiak bost sortzailek eginiko bost obra garaikide labur biltzen ditu, «disziplina honetan zaila den arren, mundu profesionalera jauzia emateko ilusioa duten» bost sortzaile gazteren bost pieza.
Aurtengo edizioa Gasteizko Matauko auzoko Ibañez Antzokian estreinatuko da larunbat honetan, hilaren 20an. Ondoren, Barakaldo Antzokira (hilaren 26an) eta Donostiako Gazteszenara (hilaren 30ean) helduko da.
Jaurlaritzako Kultura sailak Dantzarako II. Plataforma aurkeztuko du Donostiako Antzerki Azokaren baitan. Ekimen honen bidez, produkzio egitasmoetan joan den urtean laguntza jaso zuten konpainiek euren obrak aurkeztuko dizkiete ikusleei eta antzerki eta dantzaren profesionalei.
Dokumentuaren akzioak