Dokumentuaren akzioak
Koreografia anitz Leioan, Donostian eta Andoainen
Dantzaren XII Zirkuituaren barruan, gaur, apirilak 8, Natxo Montero_Danza konpainiak Barbecho ikuskizuna izango duzue Kultur Leioan (Auditorium. 20:30). Natxo Montero oso gaztetik hasi zen dantzan, tradizionaletik garaikidera iraganez eta bere formazioa Europan osatu du. Konpainia desberdinetan lan egin zuen, 2008 urtean bere konpainia sortu arte. Oraingoan, sorkuntza prozesu propioaren inguruko hausnarketa bat eskainiko du, mugimenduz eta koreografiaz osatutako ibilbidea, piezaren beraren eta sortzaileek horren aurrean hartzen duten posizionamenduaren inguruko galderak azaleratzeko.
Beste aldetik, Dantzaz Konpainiaren eta Aracaladanzaren Launaka eta Vuelos koreografiak iritsiko dira asteburu honetan Donostiara eta Andoainera, hurrenez hurren, Dantzaren XII. Zirkuituaren baitan ere. Larunbat honetan, apirilaren 9an, izango dira emanaldiak; bata Donostiako Gazteszenan, 20:00etan; eta bestea Andoaingo Bastero Kulturgunean, 18:00etan.
Zirkuitu hori Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen du, SAREAren bitartez. Ekimenean 71 emanaldi eskainiko dira urtarrila eta abendua bitartean, 22 antzeztokitan.
Ekitaldi guztiak hemen begiratu ahal dituzue.
Dokumentuaren akzioak