Udazabal egitasmoak bete du aurtengo ibilbidearen erdia, baina oraindik eduki kultural asko dauzka erakusteko. Asteburuko Arrasate Blues jaialdiari segida emango dio Desªnuda dantza emanaldiak datorren martitzenean, hilak 18, 20:00etan. Seber Altube plazan egitura flotatzaile batetik zintzilik egingo du antzezpena Maitane Sarralde dantzari garaikide bilbotarrak. Modu horretan, gorputz irentsiaren eta gorpuzkera ugarien inguruan ikertzen du, haren gorputza korapilo bat bihurtuz eta soka-mutur solte bat topatu nahian.
Eguenean, Korrontzi dantzan
Bestalde, hilaren 20an, 19:30ean, Monterron parkean, Korrontzi folk taldearen kantuen erritmora mugituko dira hainbat dantza talde; tartean, Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz. Eta Ttakun-eko txalapartariek eta Arrasate Trikitixa Eskolak ere hartuko dute parte. 10 eurotan, Mundukide elkartearen Mozambikeko proiektua babesteko ekitaldia izango da; sarrerak mundukide.org-en daude salgai.