Dokumentuaren akzioak
Konpartsa eder eta koloretsua
Kolorez, musikaz eta dantzaz jantzi zituzten inude eta artzainek herriko txokoak. 250 lagun pasatxok osatu zuten urtetik urtera handituz doan kalejira ederra
Goizeko 11:15ean abiatu zen konpartsa, Ibargain Musika eskolatik. Aurtengoa ere jendetsua izan da, ezbairik gabe. 250 lagun pasatxok osatu zuten desfilea. Urterik urte hobetuz doan kalejira, aurtengoa ere ikusgarria izan dela ezin uka. Dan-tzarien inoiz baino bikote gehiago zeuden; danborradako kideak, 50 lagunetik gora, sekula baino dotoreago ikus zitezkeen, danborrak ederki astinduz; garai bateko pertsonaiak zein baino zein apainago. Gainera, ez zen inor falta: alkatea eta bere emaztea, apezpikua, sendagilea eta erizainak, barkillo saltzailea, argazkilaria, mikeleteak, pilotariak, umezainak. Ederki luzitu zituzten euren jantziak.
Doneztebe plazan bizitu zen unerik politena. Hantxe bilduta zegoen jendetzaren aurrean haurtxoen txertaketa eta dantzarik politenak eskaini zituzten. Sorpresa ere iragarrita zegoen, hamaikagarren saioa zelako aurtengoa. Ezkontza bat irudikatu zuten plazan, alajainkoa!
Eguraldiak ere izugarri lagundu zuen atzoko ekitaldian. Euririk gabeko festak gehiago edertu zuen, inondik ere, igandeko ospakizuna.
Dokumentuaren akzioak