Duela 14 urte karrikaratu zuen lehendabiziko Koloreaga liburua Duguna dantza taldeak eta bazuten bertsio berri bat argitaratzeko gogoa. Dantza taldearen 75.urteurrenak eman die horretarako aitzakia. “Aurreko liburua argitaratu zenetik dantzaren alorrean gertatu dira hainbat aldaketa” , azaldu du Duguna dantza taldeko arduradun Aritz Ibañezek. “Lehenago gizonezkoek bakarrik ematen zituzten dantza errepertorio batzuk orain genero bereizketarik gabe ematen dira eta beraz liburua gaurkotu behar genuen, garaiak aldatu direlako eta hori ere islatu nahi genuen”, gaineratu du.
Aurreko edizioan bezala, Asisko Urmeneta marrazkilariak egin ditu dantza eta festagileen irudiak. “Guretzako tradizioa, kultura, folklorea…gihar bat da, landu egiten dena, gaurkotu egiten dena eta beti mugitzen doan giharra da”, azaldu du Urmenetak. “Aitzakia honekin, haurrek margotu ditzaten dantzariak, denontzako lana osatu dugu, preziatzeko aniztasuna, herri honetan izan dena, ba dena eta izanen denaz jabetu gaitezen”, gaineratu du.
Koloreaga liburuan, Euskal Herri osoko folklore adierazpenak topa daitezke, dantzariak, festak, inauteriak… Koloreaga 0.2. marrazteko bilduma salgai dago dagoeneko Iruñeko liburudendetan.