Dokumentuaren akzioak
Kolonbiako gatazka dantza garaikidea eta antzerkiaren bidez adierazia
Bederatzi dantzari eta erbestea bizitzeko
bederatzi era azaldu nahi izan ditu Tino Fernandez koreografoak “La mirada del
avestruz” 2002. urtean egindako obran. Antzerkian oinarrituta, koreografoak
Kolonbiako gatazkaren ondorioz erbestea bizitzera behartuak izan diren herritar
horien sufrimendua taula gainean jarri nahi izan du hala.
«Bogota hirian gatazka zuzenean bizitzen ez badugu ere, bere ondorioak dauzkagu. Orotara, zortzi milioi bizilagun erbesteratzera behartuak izan dira. Baserri guneetatik hirira abiatu dira, eta, horrek eragin handia izan du beren izaeran, sorterria uztean nortasuna bera galtzen baita», argitu zuen Fernandezek.
Artista gisa, bere obran, gatazka horrek sortzen dituen sufrimenduek eragin azkarra daukatela onartu zuen: «Zure inguramenak eragina dauka sorkuntza bat egiten duzularik. Maitasuna, banantzea edo beste edozein gai aipatzerakoan, beti, zuzenean ukitzen zaituen atmosferan kokatzen duzu obra. Kolonbia nire lan guztietan aipatzen dut». Gatazkatik kanpo, nazioartean hainbat herritarrek bizi duten errealitatea ere mahai gainean jarri du artistak.
Gaurkotasuna
Obra 2002an egina bada ere, oraindik ere gaurkotasun handia daukala nabarmendu zuen Fernandezek, eta, hainbat herritan azaldu ondoren, sufrimendu hori munduko herritar anitzek bizi dutela ikusi du. «Urteak aurrera joan dira eta egoerak berdin jarraitzen du, baina, ez Kolonbian bakarrik. Dantzaren bidez horrelako gai minberatsuak aipatuz emozio handia pasarazten da», gaineratu zuen.
Dantza garaikidea eta antzerki jokoa elkartuko dira gau honetan herriko Kasinoan L’Explose konpainiak emanen duen ikusgarrian. Horrenbestez, gaiaren gainetik, Latinoamerikako dantzaren berezitasuna nabarmendu zuen Fernandezek: «Kolonbian gatazka izan arren, sorkuntza asko dago; horrek ematen dio berrikuntza».Dokumentuaren akzioak