Dokumentuaren akzioak
Kirola, musika, dantza eta bertsoak Berrizen jaietako lehen egunetan
San Pedro eta Santa Isabelen omenezko festek etenik gabeko aste luzea ekarri dute, egitarau betearekin
Goiza kirola eginez hasiko dute. Izan ere, 11:00etan bizikleta martxa
herrikoia izango da, eta parte hartzeko asmoa dutenak udaletxe ataritik
abiatuko dira, aurrez ezarritako ibilbidea egiteko. Hurrena, atzera
begiratuko dute: antzinako auto eta motorren erakusketa jarri dute
udaletxeko lorategian, eta 11:30ean irekiko dute. Ordu berean, baina
eskolako jolastokian, umeentzako betiko olgeta tradizionalak
berreskuratuko dituzte. Gaurko umeak lehengoen antzera jolastuko dira.
San Pedro egunaren bezperako arratsaldea pilota partidekin
hasiko da. Oizpe elkarteak antolatutako zazpigarren txapelketako
finalak jokatuko dira, Olakueta frontoian. 18:00etan, ostera, musika
nagusituko da herriko kaleetan. Erraldoiak, zaldikoak eta Ondalan
konpartsako musikariak batera eta bestera ibiliko dira, kalejiran.
Olakuetatik Elizondora arteko kronoigoera 18:30ean hasiko da.
20:00etan jasoko dute Donien Atxa, eta Dantzari Dantzaren entsegua
egingo dute dantzariek. Gaurko eguna amaitzeko, Dindrots taldeak
erromeria eskainiko du.
Astegunak ere, beteta
Bihar dute egun handia Berrizen. Hala, goizeko kalejiran
nabarituko da egunaren berezitasun hori. 11:00etan, umeentzako margo
lehiaketari ekingo diote. Elizako kanpaiek eguerdia dela
iragartzearekin bat hasiko da meza nagusia. Bukatutakoan Dantzari
Dantza eskainiko zaio San Pedrori.
Arratsaldean umeentzako ekitaldiak izango dira nagusi.
17:30ean 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu dute, hala nahi duten 16
urtez beherako gaztetxoek, kiroldegian. 18:00etan, berriz, Atxiskitan ikuskizunaz gozatuko dute txosnetan.
Herriko hiru bertsolarik -Amuriza aita-alabak eta Gorka
Lazkano- saioa egingo dute Elizondo plazan (19:00). Hurrena, Dantzari
Dantza dantzatuko da. San Pedro eguna Luhartza taldearen
dantzaldiarekin amaituko da.
Dokumentuaren akzioak