Dokumentuaren akzioak
Kirola, dantza eta generoari buruzko 'Azken dantza maisua' dokumentala estreinatuko dute
Astelehenean, ekainaren 6an, estreinatuko dute kirola, dantza eta generoari buruzko 'Azken dantza maisua' dokumentala Beasaingo Usurbe Antzokian. Dokumentalaren abiapuntu gisa, Xabier Sarriegi 'Pasatxo' dantza-maisu ezagunaren irudiaz baliatuko dira. Jendaurreko nolabaiteko estreinaldi ofiziala astelehenean izango bada ere, ostiralean bertan, aurrestreinaldia egingo dute toki berean.
Mikel Alvarez Sarriegik zuzendu du dokumentala, hots, lehen aipatutako Xabier Sarriegiren lobak, Bira produkzio etxearen bidez, eta bere osabaren iruditik abiatu dira dantza-maisuaren eredua desagertzen ari delako, eta horren inguruko gogoeta eginarazteko hain zuzen ere. Txikitako bizipen ugari izan ditu zuzendariak osabarekin, eta Aurtzaka Dantza Taldeak dokumentala egiteko proposamena egin zionean berehala onartu zuen.
Tokian tokiko dantzen transmisioaz ere aritzen dira, eta horretarako, hamalau pertsona elkarrizketatu dituzte, haien lekukotasunak jasotzeko. Besteak beste, dantza barrutik ezagutzen dituzten eta kanpoko adituak elkarrizketatu dituzte, ikuspegi bat baino gehiago izan ahal izateko. Azken batean, dantza maisuaren irudia ezagutzera eman eta haren balioa nabarmentzea da dokumentalaren helburuetako bat.
Ostiraleko aurrestreinaldia dokumentalean parte hartu duten pertsonentzat eta gonbidatu berezientzat izango da, eta, esan bezala, estreinaldi ofiziala egun batzuk beranduago ospatuko da. Biak, 20.15ean, Beasaingo Usurbe Antzokian. Emanaldira bertaratu nahi izanez gero, sarrerak antzokiko leihatilan bertan erosi ahalko dira emanaldiaren egun berean. Bestela, online erosi nahi badira, Kutxabanken webgunean egin ahalko da.
Dokumentuaren akzioak