Dokumentuaren akzioak
'Kirol legez/Fair Play' ikuskizuna sortu du Kukai dantza taldeak, Realarekin elkarlanean
Kirol legez/Fair Play proiektua mamitzeko, Kukai dantza taldeak Realeko gizonezkoen lehen taldearekin entrenamenduak eta guneak partekatu ditu Zubietan. Tabakalerako patioan ikusi ahal izango da, futbol zelai oso berezi baten antza duen gune eszeniko batean. Jon Maya dantzari eta koreografoa da zuzendari artistikoa.
Derbia, ardatz nagusia
Donostia Kultura eta Reala Fundazioak bigarrenez antolatu dute Korner jaialdia. Otsailaren 4tik 10era bitartean egingo da, eta derbia izango du ardatz nagusi bezala. Hain justu, festibalaren ingurumarian jokatuko dira Realaren eta Athleticen gizonezkoen eta emakumezkoen arteko partidak, biak Anoetan.
Atariko gisa, otsailaren 3an Bertso Derbia izango da Antzoki Zaharrean, hiru bertsolari realzale (Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran) eta beste hiru athleticzalek (Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Xabi Paya) batuko dituena.
Otsailaren 5ean, bestalde, bi film proiektatuko dituzte. Batetik, John Huston zinema zuzendariaren Ihesa ala garaipena obra mitikoa, eta bestetik Gabriel Abrantes eta Daniel Schmidt zuzendarien Diamantino, Zinemaren Europako Sarietan Komedia Onenaren sarirako izendatu dutena. Cinemanía aldizkariaren zuzendari eta Un partido de leyenda. Historia de Evasión o victoria liburuaren egile Carlos Marañonek eta Begoña del Teso kazetariak aurkeztuko dituzte pelikula biak, elkarrizketa laburren bidez.
Dokumentuaren akzioak