Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kinto egunak Burundan

Dokumentuaren akzioak

Kinto egunak Burundan

Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Burunda
Mota
Albistea
Data
2025/02/06
Lotura
Guaixe
Altsasuko 2025eko kintoak dantzan.

Santa Agedarekin bat eginez, Bakaikuko, Iturmendiko, Urdiaingo, Altsasuko eta Olatzagutiko kintoen ospakizunak izanen dira egunotan.

Altsasun eta Olatzagutian otsailaren 5ean, Santa Ageda egunean, hasi zituzten kinto ospakizunak 2006an jaiotako gazteek, baina igande bitarte, zer ospatu izanen dute. Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo kintoak ospakizunera batuko dira otsailaren 7an. Otsailaren 8an adin guztietako kintaden eguna izanen da Burundan.

Bakaiku
Otsailaren 7an eta 8an aterako dira Bakaikuko hamasei gazteak. Bakaikuko kintoak aurten zazpi dira: Ioritz Erdozia Lopez, Oihan Goikoetxea de Ziordia Asensio, Haritz Ramos Apaolaza, Erkuden Saez de Adana Larrañaga, Leire Zelaia Leiza, Aimar Gastaminza Garmendia eta Aitana Luis Erdozia. Guztiak 2007an jaiotakoak dira. Haiekin kinto gazteek eta kinto zaharrek, urte bat lehenago eta ondoren jaiotakoek, parte hartzen dute ospakizunean; guztira, hamasei.

Ostiralean Koxko tabernan afaltzeko elkartuko dira. Horren ondoren herrian bertan parranda eginen dute kintoek. Larunbat goizean goizetik kinto eskea eginen dute etxez etxe. Baserritarrez jantzita ibiliko dira eskean, trikitilariak lagun dituztela. Dirua bildu ondoren tabernan elkartuko dira, 13:30ak aldera, eta trikitilariek bakaikuarren bermut garaia girotuko dute. Poteoan ibili ondoren Bakarrekoetxea elkartean bazkalduko dute kintoek; sagardotegira joan beharrean, sagardotegia herrira eramanen dute. Hori dela eta, hainbat kintadak bat egin dute ospakizunarekin. Guztira 88 bakaikuar eseriko dira mahaiaren bueltan. Bazkaldu ondoren, herrian poteoan ibiliko dira, eta 20:00etan Altsasura joanen dira eta han segituko dute parrandarekin.

Santa Agedako kinto ospakizuna despedita, haien eginkizunak ez dira hor amaituko, izan ere, uztaileko festetako lehenengo egunean zortzikoa dantzatuko dute.

Iturmendi
Otsailaren 7tik 9ra, ostiraletik igandera, izanen dira hemezortzi kintoen ospakizuna. Aurte bi kinto daude: Anna Tugas Muela eta Ekiñe Agirre Lopez. Baina haiekin batera kinto ospakizuneko protagonistak beste hamasei iturmendiar izanen dira. Baina kinto gazte eta zaharrak batuko zaizkie eta kinto ospakizunerako hemezortziko segizioa osatuko dute. Ostiralean Arizaga elkartean afaltzera elkartuko dira, eta bertan parranda eginen dute.

Larunbat goizean kinto iturmendiarrak hartzera elkartuko dira Aritzaga elkartean. Baserritarrez jantzita joanen dira. 11:30ak aldera kalera atera eta trikitilarien doinuak lagun diru eskean ariko dira. Haiekin eskuzabala denari pastak eta moskatela eskainiko dizkiete. Herriari buelta eman ondoren, Aritzaga elkartean bazkalduko dute. Han izanen dira 19:30ak aldera arte; Altsasurako bidea hartuko dute, hango kintoak dantzan ikusi, afaldu eta kinto ospakizuna han despeditzeko.

Guztiak ere urte berriarekin batera kinto eskean aritu ziren Ur goiena kanta abesten zuten bitartean. Kintoek badute beste zeregin bat udaberrian: plazan zutituko den maiatza prestatzea. Hura moztu, txuritu eta basotik plazara igotzearen ardura dute. Hilabete plazan egon ondoren, maiatzaren zuraren salmentatik ateratzen den dirua kintoendako izanen da.

Urdiain
Otsailaren 6tik 9ra, ostegunetik igandera, izanen dira kinto ospakizunak Urdiainen. Hamasei kinto daude: Alain Zufiaurre de la Vega, Siets Goikoetxea Garde, Igor Agirre Bergara, Maddi Gastaminza Betelu, Ane Diaz Sevilla, Maite Murua Ugalde, June Etxeberria Anton, Gurutz Goikoetxea Irisarri, Izaro Lopez de Goikoetxea Zufiaurre, Beñat Berdote Davies, Kaiet Arzamendi Arakama, Olatz Oroz Romero, Javier Larrea Esnaola, Eneko Chamorro San Martin, Josu Saenz de Arzamendi Irigoien eta Luken Zelaia Ganuza. Hala ere, kinto segizioa ez dute bakarrik 2007koek osatuko. Izan ere, kinto gazteek eta kinto zaharrek osatzen dute, guztira 35en bat. Baina azken horietatik, beti kintoetatik, denek ez dute ospatuko.

Ospakizunak irauten dituen hiru egunetan baserritarrez jantziko dira. Bai ostiralean, bai larunbatean trikitilarien doinuek alaituko dituzte haien ibilerak. Elizazpi frontoi azpiko lokala, antroa, gazteen ospakizunaren erdigune bihurtuko da. Otsailaren 6an, osteguna, bertan afaldu eta parranda eginen dute. Ostiralean ospakizuneko gastuei aurre egiteko axuri baten zozketarako txartelak salduko dituzte herrian barna, eta ondoren poteoa eta afaria eginen dute, eta antroan parranda eginen dute.

Gabonen ondoren hasi ziren zortzikoa ikasteko entseguak egiten; Javier Zelaiaren esanetara aritu dira astearte eta ostiralero ordu batez. Bi egunetan dantzatuko dute zortzikoa Urdiaingo kintoek: larunbat eta igande eguerdian. Larunbatean duela 25 eta 50 urte kinto izandakoek dantzatuko dute ere, izan ere, herriko kintaden eguna izanen da larunbata. Bazkaldu ondoren baserrietara joanen dira eskatzera eta esker onez dantza eginen dute, eta kinto egunetan bezala, afaldu eta antroan bukatuko dute eguna.

Igande goizean gosaltzera bilduko dira Urdiaingo kintoak; txistulariak gonbidatuko dituzte. Eguerdian zortzikoa dantzatuko dute, eta bitartean auzatea eskainiko dute eta axuriaren zozketa eginen dute. Bazkaria, eskea, afaria eta parrandarekin amaituko dituzte ospakizunak

Kintoek urte hasierarekin batera bete zuten beraien betebeharra. Plazako iturrian ura pitxerran hartu, apaiz etxera eraman eta han zeudenekin batera Ur goiena kanta abestu zuten eta, ondoren, ura banatu egin zuten. Zozketa bidez aukeratu zuten aurten egiteko hori Josuk eta Olatzek egitea.

Altsasu
Olaia Macia Mendia, Ainhoa Calvo Fuentes, Kepa Amilllano Santano eta Gorka Diaz Diego buruzagi dituen 2006an jaiotako kintada ospakizun betean da otsailaren 5etik. 57 gazteak Santa Ageda egunez neskak baserritar jantzita atera ziren kalera. Mutilak txuriz, kaikua soinean, txapela buruan eta zintadun makila eskutan zutela. Lehenengo eguna kinto eske eguna izanen da. Opilak jaso eta esker onez jota eta porrusalda dantzatu eta opilak saltzen ariko dira. Berandu joanen dira bazkaltzera lehenengo egunean. Kinto laguntzaile edo zahato eramaile Maitane Moreno eta Euken Apaolaza izanen dira.

Egunero, ospakizunak iraun bitartean, 19:00ak aldera, Foru plazan zortzikoa danzatzen izanen dira kintoak. Otsilaren 3an  izan zuten azken entsegua. Aitziber Etxaiz Soria, Edurne Somocurcio Gonzalez eta Nerea Mazkiaran Lopez de Muniain irakasleen azken aholkuak jaso zituzten.

Otsailaren 5ean, Santa Ageda egunean, festarekin bat eginen dute duela 25 eta 50 urte kinto izandakoak, baita 60 urte bete zutenak. Azken horietatik Rafael Artetak, Malu Ziordiak, Ana Mazkiaranek eta Carlos Oterminek dantzatuko dute arratsaldean zortzikoa. Duela 25 urte kinto izandako emakumezkoak ere zortzikoa entseatzen aritu izan dira ilbeltzean eta asteazkenean haietako hiruk dantzatu zuten zortzikoa: Nekane Lakuntza, Maite Ieregi eta Edurne Gabirondo. Joan zen urtean ere 25 urte bete zuten emakumezkoek zortzikoa dantzatu zuten eta haiei segida hartu diete. Bestalde, kintada berak Gure Etxea eraikinaren beheko solairuan erakusketa prestatu du. 2000 urtean kinto izan zireneko argazkiak, prentsako mozketak eta beste ikusgai daude egunero, kintoak dantzatzen duten garaian.

Olatzagutia
Otsailaren 5etik ari da hamazpikote gazte bat da herriko kinto ospakizunetan: Eder Arrizabalaga Otxoaerrarte, Leire Agirre Aldaz, Iosune Sanchez Amiama, Iraitz Larrañaga Vicente, Amaiur Marquez Imaz, Maider Quintana Beraiz, Eneko Rubio Galbete, Irati Zarrabeitia Barandalla, Edorta Flores Marin, Oihan Aldaz Iparragirre, Javier Esteras Oraa, Iñigo Esteras Oraa, Irati Andueza Imaz, Aratz Huegun Flores, Maren Huegun Flores, Ekaitz Perez Martin eta Oier Calvo Arregi. Igandera arte, otsailaren 9ra arte, izanen dira kinto ospakizunak.

Guztiak ere baserritarrez jantzita dabiltza kinto ospakizunetan. Gainera, 2006ko kintoak dioen zapia eta txapela jantziak daramate. Beraien festaren ardatz dira eguneroko hamaiketakoak, bazkariak eta afariak. Bazkaldu beti Clinkerren egiten dute, gosariak eta afariak, berriz, herriko beste tabernetan txandakatuz egiten ari dira. Soinu banda herriko txarangak jartzen du 10:00etatik 19:00ak arte.

Lehenengo egunetik ari dira kinto eskean. Egunero, hamaiketakoa hartu ondoren, eguerdian eta arratsaldean jarraituko dute. Larunbatean, herriko gainontzeko kintada guztiak batuko dira kinto ospakizunera. Ohiturari jarraituz, aurtengo kintoek herriko zaharrenari, gazteenari eta alkateari opil bana oparituko diete.

Kinto ospakizunetan estreinakoz zortzikoa dantzatu zuten joan zen urteko kintoek. Herri inauterietan dantzatzetik kinto egunean dantzatzera pasa ziren. Haiek zabaldutako bideari segida emanen diote 2006ko kintoek aurten. Horretarako, entseatzen hasi ziren gabonetan. Astean behin bildu dira frontoian, gaztetxean edo Sutegiko gimnasioan, “libre zegoen tokira joan gara”. Joan den urteko kintoak izan dituzte irakasle, bereziki, Olatz Bados Ganuza. Kintoek zortzikoa dantzatuko dute otsailaren 7an, ostirala, 19:00etan, San Migel plazan. Guztira zazpi bikotek dantzatuko dute zortzikoa. Txarangaren doinura ariko dira eta akaberako jota eta porrusaldara olaztiarrak batzea nahiko lukete.

Ziordia
Kontrakoa bazirudien arren, azkenean, Ziordiak kinto ospakizunak izanen ditu. Kopuru txikia izanik ere, gazte ziordiarrek erabaki dute kintoen festa ospatuko dutela. Aizeti Baztarreka kintoa eta Urtzi Gartzia kinto gaztea izanen dira protagonistak. Haiekin batera duela bizpahiru urte kinto izandako boskote bat ibiliko da festan.

Zazpi horiek izanen dira festaren arima otsailaren 8an, larunbata. 11:30etik aurrera etxez etxeko kinto eskean ariko dira. Eskuzabal jokatzen dutenei zahatoa eskainiko diete. Nondik dabiltzan jakiteko musikari erreparatzea nahikoa izanen da. Herriari buelta eman ondore, 13:30ean, zortzikoa dantzatuko dute plazan. Gainera, Ziordiko hainbat kintadetako kideak elkartuko dira festara. Adinkako topaketa horrek ohikoak ez diren koadrilak ere sortuko ditu. Festa giroan herritarren arteko harremanak estutu eta kanpoan bizi direnen berri izateko aukera da. Hainbat bazkari eta afari daude prest biharko. Zazpikoteak bere parranda Altsasun segituko du gauean.

Dokumentuaren akzioak