Dokumentuaren akzioak
Kilometroak, dantzarako arrakastaren bidean
Gaztea Dantzan lehiaketaren seigarren edizioak maila goreneko dantzariak bildu ditu. Epaimahaiak –Itziar Ituñok, Ugaitz Alegriak eta Iker Karrerak osatua– hiru sari banatu ditu. Batetik, 2.000 eurokoa, Comfort Inn Ending dantzak. 1.000 eurokoa, bestalde, bitan zatitzea erabaki du. Hala, 500 euro Kilometroak lanak eroan ditu eta beste 500 euroak FTS dantzak. Entzuleen saria, azkenik, Euritan dantzan koreografiak eroan du. 631 boto jaso ditu.
Honako hau ez da Moralesek eta Mercadok koreografia honekin lortu duten lehendabiziko saria. Izan ere, Madrilgo dantza lehiaketa bateko irabazleak izan ziren pasa den urtean.
Dantza bizitzaren oinarri
Moralesek txikia zenetik maite du dantza. 11 urte bete arte, etxean bere kontu ikasten zituen telebistan ikusitako koreografiak. Ama liluratuta zegoen haren gaitasuna ikusita, eta, semeak dantzaren munduan murgildu nahi zuela azaldu zionean, Eibarko dantza eskolara eraman zuen. Noizbehinka ere Durangoko dantza eskolara joaten zen eta musika zein dantza pixka- naka bere bizitzako ardatz nagusi bilakatu ziren. Batxilergoa bukatu zuenean ez zuen zalantzarik izan eta Madrilera joan zen dantza ikasketak egitera. Bertan hiru urtez akademia ospetsu batean egon ondoren, gaur egun Bartzelonan bizi da, dantzaren inguruko ikasketa zein proiektu berriekin.
621 kilometro
Gaizka Moralesek eta Ursula Mercadok Madrilgo dantza eskola batean ezagutu zuten elkar, elgetarrak 18 urte zituenean. Hiru urtez ibili ziren elkarrekin eta konexioa berehalakoa izan zen. Baina, ikasketen ondorioz, Morales Bartzelonara aldatu zen eta Mercadok, aldiz, Madrilen geratu behar izan zuen.
Koreografian agertzen den autoak distantzia honi eta bizitzak dituen ibilbide korapilatsuei erreferentzia egiten die. Gainera, kilometroek beste oztopo bat jarri zuten haien bidean; oso gustuko zuten elkarrekin dantza egitea, baina koreografia bat sortzeko oso urrun zeuden. Hala ere, beldur denaren ezpatak punta motz dio esaera zaharrak, eta dantza bideo eta Skype bidez landu zuten, dantza birtuala pixkanaka errealitate bihurtuz. Hala jaio zen Gu Kilometroak taldea.
Gizonezkoak eta dantza
Gero eta ohikoagoa da mutilak dantzaren munduan ikustea. Hala ere, ibilbide luzea dago egiteko. "Nik ez dut inoiz arazorik izan; ez etxean, ez lagunekin, ez akademian. Baina egia da ezagun batzuek ez dutela ondo pasa", dio dantzari elgetarrak. Aurreiritziak handiak izaten dira gizonezkoen eta dantzaren inguruan. Moralesek dantza maite duten mutil guztiak dantza eskoletara apuntatzera animatu nahi ditu. "Eibarko dantza eskolan 200 neska zeuden, eta ni nintzen mutil bakarra. Utzi beldurrak alde batera, munduak dantzan ikusi nahi zaitu", dio.
Saritutako dantza hemen.
Dokumentuaren akzioak