Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kieveko Opera Nazionalaren Baletak ‘Loti ederra’ obra aurkeztuko du Arriagan

Dokumentuaren akzioak

Kieveko Opera Nazionalaren Baletak ‘Loti ederra’ obra aurkeztuko du Arriagan

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2002/03/12

Kieveko Opera Nazionaleko baletak esparru zabala betetzen du dantzaren munduan, eta bere ekoizpenetan obra klasikoak zein proposamen garaikide eta berritzaileak aurki daitezke. Dena den, Kieveko taldea batik bat lehengoengatik da famatua. Beltxargen lakua, Intxaur-kraskailua edo On Kixote moduko lanak aipa daitezke baletak antzezturiko lan gogoangarrien artean.



Hain zuzen, obra klasiko horietako batek ekarri du Bilbora Kieveko Baletak: Loti ederra-k. Txaikovskiren musika gidari dutela, konpainiako 36 dantzariek M. Petipa koreografoak baletarentzat propio diseinaturiko lana taularatuko dute.



Magiaz beteriko obra



Loti ederraren argumentua aski ezaguna da gure artean. Istoriari buruzko lehen aipamena 1528an agertu zen erromantze arturiar batzuetan, eta bigarrena, berriz, Giambattista Basileren Pentamerone-n. Antza denez, Charles Perraultek azken horretatik edan zuen bere Sleeping beauty sortzeko.



Gehien zabaldu den aldaera, baina, Perraulten istoriotik abiatuta Grimm anaiek osaturiko bertsio biguna dugu. Errege-erregina batzuek beren lehen alabatxoaren bataioa ospatzen ari dira. Erreinuko maitagarri bakoitzak opari bat eskainiko diote printzesa jaioberriari, batek izan ezik. Carabossek, jaira gonbidatua izan ez delako haserre, madarikazio bat botako dio neskatoari: hemezortzi urte betetzean ardatz batekin atzamarra ziztatu eta hil egingo da.



Oraindik bere oparia eskaini gabe dagoen maitagarri batek, ordea, printzesatxoaren patua aldaraziko du. Ziztadak ez du neskatoa hilko, lotan utziko du, eta amodiozko lehendabiziko musuak bakarrik lortuko du hura lozorrotik esnatzea.

Dokumentuaren akzioak