2007 eta 2012. urteetan Southampton-en egindako biltzarretan parte hartu zuten The Basque Children UK'37 elkartearen eskarizUrte honetan ere parte hartzeko gonbidapena jaso dute dantzariek uztailaren 14an eta 15ean Galesen
Dokumentuaren akzioak
Kezka Galesera doa Gerrako Umeen 85. urteurrenean dantzatzera
Eibarko Kezka dantza taldea Galesera joango da uztailean. Hain zuzen ere, Caerleon-Newporten izango dira 1936ko Espainiako Gerra Zibiletik ihesi joandako euskal haurrak errefuxiatu zireneko urteurrenean uztailaren 14an eta 15ean. Bilera The Basque Children UK'37 elkarteak antolatu du eta Kezka izango dute dantzatzeko.
Urte honetan 85 urte beteko dira Espainiako Gerra Zibilak milaka haur erbestera bidali zituenetik. Horietako asko Britainia Handian egokitu ziren, eta multzo handi bat ez zen inoiz etxera itzuli. Erbesteratutako gerrako haurrek eta haien ondorengoek osatzen dute The Basque Children UK'37 elkartea, bost urtean behin beren bizitza goitik behera aldatu zuen gertaera gogoratzeko kongresua egiten duena.
The Basque Children UK'37 elkartearen 85. urteurreneko biltzarra uztailaren 14an eta 15ean ospatuko da, 1937an euskal ume errefuxiatuak hartu zituen Galeseko Newporten dagoen Caerleon herrian. Bertan, errefuxiatu izaera partekatzen duten familiak, bizirik eta bidaiatzeko osasunez dirauten gerrako umeak, gaia jorratu duten ikertzaile eta akademikoak, euskal nazioaren eta kulturaren ordezkari eta sustatzaileak, ordezkari politiko eta instituzionalak, eta exiliatuen eta errefuxiatuen gaurko zein iraganeko errealitate gordinarekin sensibilizatuta dauden elkarte eta norbanakoak egongo dira.
Kezka dantza taldeak harreman berezia izan du erbesteratutako umeekin eta haien senideekin. 2007 eta 2012. urteetan Southampton-en egindako biltzarretan parte hartu zuen The Basque Children UK'37 elkartearen eskariz. Gainera, Koke Martinez, euskal ume erbesteratua izan zen, artista ezaguna izateaz aparte. Kezka dantza taldeak haren lan eder bat jaso zuen haren heriotzean.
Urte honetan ere parte hartzeko gonbidapena jaso dute dantzariek, eta uztailaren 14an eta 15ean Galesen, Caerleon-en ospatuko diren ekitaldietan 85 urte lehenago erbesteratutako umeek errefuxiatutako kanpamenduetan egiten zituzten moduko dantzak eskainiko dituzte bertan. Izan ere, Caerleon-en bertan izan zen errefuxiatuen kanpamenduetako bat eta horregatik aurtengo ekitaldiak bertan antolatzeko asmoa dute.
Euskal dantza tradizionalekin mimoz eta pasioz osatutako emanaldiak izango dira Kezka dantza taldeak biltzarrean eskainiko dituenak. Hamabost dantzarik eta bost musikarik osatutako taldea izango da Caerleon-en eta biltzarrean jorratuko dituzten ekitaldien programan hiru unetan euskal dantzen emanaldia eskainiko du taldeak, Gales bertako dantzen agerraldi batekin batera eta Euskal Herriko musikari bikote batekin, Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbizekin tartekatuz.
Dokumentuaren akzioak